Javier Lakuntza dultzaina jolea hil da, 82 urterekin

Iruñean, dultzainaren biziberritzearen ikur nagusietako bat izan zen. Dultzainero izateaz gain, instrumentua jotzen irakasteko metodoak ere ikertu zituen. Larunbatean hil zen, Iruñean.

Javier Lakuntza eta Jose Luis Fraile, Iruñean. CRISTINA NUÑEZ BAQUEDANO
Javier Lakuntza eta Jose Luis Fraile, Iruñean. CRISTINA NUÑEZ BAKEDANO
Odile Bourguignon Goñi
2026ko apirilaren 13a
12:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dultzaina eskuan zuela gogoratuko dute nafarrek Javier Lakuntza. Orain 50 urte ez zen Iruñean dultzainarik apenas entzuten, eta Lakuntzak hartu zuen instrumentua biziberritzeko ardura: Iruñeko kaleak girotu, dultzaina jotzen irakatsi, instrumentua gizarteratu eta ikertu ere egin zuen. Método general de gaita liburua kaleratu zuen 1968an, Fernando Lakuntza anaiarekin batera, eta Iruñeko Gaiteroak taldea berreskuratu 1975ean, Jose Luis Fraile lagun zuela. Lakuntza joan den larunbatean hil zen, 82 urte zituela.

Izatez bilbotarra izanik ere, Lakuntzak harreman estua zuen Nafarroarekin. Anaiarekin batera, lehenengoz, 1966an jo zuen dultzaina Iruñean, udalari eskutitz bidez anaiarekin batera dultzaina jo zezakeela idatzi eta Udalak bide eman ondoren. 1974an, bi anaiek Fraile anaiekin batera jo zuten lehenengoz, eta, urtebeteren ondoren, haiexek biziberritu zuten udalaren dultzainero banda: Iruñeko Gaiteroak izena daramana —ehun urtetik gora ditu—. Geroztik, Lakuntza eta Fraile anaiak eskuz esku aritu dira Iruñeko kaleetan dultzainen hotsak hedatzen; baita musika sortzen, ikertzen eta diskoak egiten ere. Oskorri taldearekin batera ere jo izan dute.

Dultzainak hiriburuan izandako bilakaera xeheki aztertu zuten Gaiteros en Pamplona y gaiteros de Pamplona liburuan. Iruñeko Udalak kaleratu zuen, 1993. urtean, eta liburuak ez du autore partikular bat; Iruñeko Gaiteroen sinadura darama. Bertan azaltzen da, besteak beste, Lakuntzak Iruñeko kaleetan egindako lana.

Dultzaina ikergai

Método general de gaita liburuarekin, lehenengoz, akademiaren eremura eraman zuten euren musika tresna Lakuntza anaiek. Mugarri bat izan zen hori: dultzaina jotzen irakasteko metodoa ikertu eta kaleratu zutelako. Hala, dultzainaren irakaspenak ahoz ahoko kontua soilik izateari utzi zion, eta ikertutako metodologia bilakatu zen; gaur egun ere, erreferentziazko liburua da hainbat musika eskolatan. Dultzainaren bueltan ikerketak egiteko grinari tiraka, Javier Lakuntza Parisera joan zen 70eko hamarkadaren hasieran. Instrumentuaren hotsa perfekzionatzeko asmotan, Frantziako hiriburuko luthier onenengana jo zuen erantzun bila, eta baita lortu ere. Ordutik, Iruñeko dultzaineroek instrumentua jotzeko metodo partikular bat izan dute, bai eta dultzainek hots doiagoak izan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA