1949ko maiatzean jaio zen Javier Ortiz de Ginea Diaz de Otalora margolaria, Gasteizen, eta sorterriko hiri horri eta Arabako lurrei estu lotutako margolaria izan da. Umetatik heldu zien lapitzei, pinturei, eta hurbiletik ezagututako ohiturak eta lekuak margotu zituen bere lanetako askotan, estilo klasiko eta inpresionista bat garatuz. Landu zituen paisaia ugarirekin batera, erretratuena izan zen ospea ekarri zioten beste adarretako bat: Arabako diputatu nagusien erretratuak egin zituen, besteak beste. Familiak jakinarazi duenez, gaur hil da, 79 urte zituela.
Pintura lehiaketen bidez hasi zen ezagun egiten Ortiz de Ginea, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. 1969an zabaldu zuen bere bakarkako lehen erakusketa —olioan egindako koadroak eta hainbat marrazki erakutsi zituen—, eta aurrerago ere izan zituen gehiago, bai bakarkakoak eta bai kolektiboak.
Erretratugile modura, 1980ko urteetan hasi zen nabarmentzen. Kirol zein kultur munduko jendearen koadroak egin zituen —Miguel Indurain txirrindulariarena eta Carmelo Bernaola musikariarena, beste askoren artean—, baina, batez ere, politika instituzionalean lehen lerroan aritutako jendea erretratu zuen: Arabako Foru Aldundiko diputatu ugari; Eusko Legebiltzarreko presidente izandako Juan Jose Pujana eta Jesus Egiguren, esaterako; eta baita frankismoa amaitu osteko Eusko Jaurlaritzako lehendakari gehienak ere. Hala, euskal erakunde politikoetako hormetan daude ikusgai egun haren koadroetako asko.
Edonola ere, ez omen zuen gustuko «Arabako Gorteen erretratugiletzat» har zezaten. Nahiago zuen batez ere «Gasteizko bizitza» margotu zuen pintore gisa ikusia izatea.