KRITIKA. Musika

Jazz bokala nagusi

Jazzmeia Horn abeslaria, Gasteizko Jazzaldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Jazzmeia Horn abeslaria, Gasteizko Jazzaldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
2025eko uztailaren 19a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Juan Saiz; Jazzmeia Horn; Jose James

Lekua: Europa biltzar jauregia; Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailaren 17a.

Ezin atseginagoa izan da Juan Saiz kantabriar txirulari maisu apal eta trebearen kontzertua. Hark, Xavi Torres pianistak, Manel Fortia kontrabaxu joleak eta Genis Bage bateria joleak laukote asegarria osatzen dute Saizen konposizioak gauzatzeko. Abangoardia desberdinen gorpuzkera susmatzen da atal ugaritan, hala nola piezen sarreretan eta solo batzuetan. Aurora bezalako kanta liluragarriak aurkeztu ditu Saizek, zuzeneko efektu berebizikoak sortuz, grabatutako bertsioa aberastuz eta hobetuz, bide batez. Aukeratutako pieza guztiak haren konposizioak izan arren, proiektu desberdinetakoak izan dira, eta, hala, kontzertu askotarikoa osatu dute. Vera kanta ere goraipatu behar da, luzaz mantendu baitute exekuzio zein intentsitate gorena. Lan bikaina.

Jazzmeia Horn, berriz, Bronxetik zuzenean etorri da jaialdira. Abesten hasi bezain laster, guztiz bereganatu du entzuleen arreta, eta bidezkoa da, halako interpretazio gordin, indartsu eta zintzoa ez baita aspaldi ikusi Gasteizen. Bere konposizioak baino ez ditu aurkeztu kontzertuan, bere bandaren interpretazio bikainaren eta solo dotoreen bitartez —Joel Holmes aritu da pianoan, Ameen Saleem kontrabaxuan, eta Ryan Sands baterian—. Kantuek berez dakarte jite espirituala, indartsua eta ahalduntzeari buruzkoa; dena den, abeslariak gustuko du kantu bakoitza azaltzea abesten hasi baino lehen, pasadizoz beteriko kontakizun batzuen bitartez. Askorentzat luzeegiak izan dira pasarte horiek, saioaren puska handi bat hartu dutelako.

Bestalde, Jose Jamesek ikusgai jarri ditu bere musika erreferentziak. Azken bi urteetan 1978 proiektuan murgilduta ibili da; askorentzat musika arloan urterik onena izan zenari egindako omenaldi bat da, eta, kasualitatez agian, haren jaiotze urtea ere bada. Kontzertuan, Jharis Yokley (bateria), Yves Fernandez (baxua), Bigyuki (teklatuak) eta Ebban Dorsey (saxoa eta ahotsa) musikariak izan ditu alboan. Azken hori 21 urteko «etorkizuneko jazz promesa» da, Jamesen hitzetan, eta solo ugarirekin txunditu ditu kiroldegira bildutakoak. Teklatu joleak, berriz, bi pianoren artean jo du, esku bakoitza teklatu batean jarrita. Aparteko ikuskizuna eman dute musikariek.

Azken denboraldian, indartsu berkokatu da James bakarkako ibilbidean; horren lekuko dira iazko 1978 eta aurtengo 1978: Revenge of the Dragon diskoak. Mendizorrotzako saioan, lan horietako piezez zein bere musika erreferenteen beste klasiko batzuez baliatuta, 70eko hamarkadaren jam-etan murgildu du publikoa. Hancock, Withers, King eta Jagger inspirazio iturritzat dauzka, eta kiroldegia argitu du haien kantekin, baita jende ugari dantzarazi ere, batez ere amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.