Kritika. Gasteizko 48. Jazzaldia

Jazz parranda Mendizorrotzan

2025eko uztailaren 22a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Dora Morelenbaum, YamandU Costa eta Toquinho

Lekuak: Europa Biltzar Jauregia eta Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailaren 19a.

BHM (Brasilgo Herri Musika) eta sanba-jazza nahasten dituen artista dugu Dora Morelenbaum. Bere herrialdean zein nazioartekoan gorantz doan artistatzat daukate lehenengo lana argitaratu zuenetik. Bala Desejo banda osatu eta Latin Grammy bat irabazi zuten 2022an, baina aurretik, 2021ean hasi zen bakarkako kantuak argitaratzen, eta iazkoa da bere lehenengo disko luzea (Pique), bere bira honen aitzakia, hain zuzen. Abeslariak konpositore, proiektu eta une ezberdinetako piezekin osatu zuen bere kontzertuko errepertorioa, bizitasun handikoa. Bere bandan Guto Wirti (baxua), Daniel Conceiçao (bateria) eta Guilherme Lirio (gitarra) izan ziren. Azken horren laguntzaz gaueko unerik kuttunenetarikoa sortu zuten: goxoki abestu ziguten duetoa.

Gutako askok faltan botatzen genuen Yamandu Costa, Gasteizen orain dela bi urte egon bazen ere. Antzokian izan genuen entzungai aurrekoan, eta eszenatoki handian gozatzeko gogoa piztu zitzaigun, batez ere artista bakarreko jazz kontzertuak maite ditugunoi. Orain ziurtatu dezakegu bere zazpi hariko gitarraz baliatuz —baita chimarrao batez ere— Mendizorrotza astindu zuela, publikoaren arreta lapurtuz lehenengo soinutik azkenera arte. Lanak gauzatzeko bere modu propioak berriro ere gogobete gintuen, oraingo honetan harritzeko opariarekin: estreinaldi erabateko bat aurkeztu zuen, eta pieza hain berria izanik, ez dio oraindik izenbururik ipini ere egin, eta Vitoria izendatzeko aukera proposatu zuen. Lan eta konposizio ugariko artista dugu hau, eta batzuentzat pena izan zen aurreko aldiko kontzertuko kanta batzuk berberak izatea, bere katalogo sakon eta anitzetik gehiago ezagutzeko aukera galdu baikenuen.

Bestalde, Toquinho maisua ere eduki genuen oholtzan. Jakintasunez kontatu zizkigun bere lehenengoko pausoak musikan, lehenengo aukerak, bidaiak, kontzertuak. Bitartean klasikoen desfilea hasia zen: Corcovado, Garota de Ipanema, Samba de Orly, Samba pra Vinicius eta abar. Bere kontakizuna gaurkotasunera heldu zenean, gonbidatu berezia aurkeztu zuen, eszenatokira gonbidatu zuen bere hitzetan Brasilgo musikaren etorkizuna izango den Camila Faustino. Taldea osatuta, festa brasileiroa gogor hauspotu zuten. Klasikoen martxak aurrera egin zuen eta Aquarela abesti samurra aukeratu zuten kontzertua ixteko, gazteleraz abestuz lehen zatia eta portugesez bukatuz. Ordea, azkenengo bisaren martxarekin itzuli ginen etxera: Tonga da Mironga do Kabulete. Haren barneko erritmoaz dar-dar eginez atera ginen entzuleok: esperientzia ahaztezina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.