Kritika. Musika

Jazzaren kosmosa

'African skies' diskoaren azala.
'African skies' diskoaren azala.
2025eko azaroaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

KELAN PHIL COHRAN AND LEGACY

Bere hastapenetan hip-hop soinuetan espezializatutako Kaliforniako Stones Throw (Madvillain, Jaylib, Quasimoto…) diskoetxeak Listening Position izeneko azpizigilua abiatu du. Jake Viator ekoizleak zuzentzen du zigilu berria, eta, African Skies diskoaren berrargitalpeneko liburuxkan kontatzen denez, milaka disko galdu zituen urte hasieran Kaliforniako hegoaldeko Eaton hirian izandako sutearen ondorioz, tartean, baita Kelan Phil Cohran-en disko originalak ere.

Zorigaiztoko egoera horren ondorioz, jabetzaren aurrean, babesa lehenestea deliberatu du ekoizleak. Hala, Listening Position-en bitartez musika soto eta trastelekuetatik askatu nahi du Viatorrek, ahalik eta jende gehienaren eskuetan jartzeko, betiere ahalik eta soinu kalitate handienarekin. Hala azaldu du bere asmoa: «Ez nuen Coltrane ulertu, ni baino askoz indartsuagoa zen soinu sistema batean entzun nuen arte, mono moduan. […] Jendearen eta haien soinu ekipoen arteko hesiak ezabatu nahi ditut, eta diskoak ahalik eta soinu onenarekin ekoitzi».

Horiek horrela, Kelan Phil Cohran and Legacy-ren African Skies berriro azaleratzeko —2010ean Captcha Records diskoetxeak plazaratu zuen— DAT zinta originaletara jo du Viatorrek, eta, horren ondorioz, Chicagoko Adler planetarioan 1993an jasotako emanaldia soinu apartarekin entzuten da entzungailuetatik; izan ere, diskoaren izen bereko egitarauan parte hartzera gonbidatu zuten Sun Ra jazz musikari kosmikoaren taldekide ohia. Ordurako Cohran oso ezaguna zen ez bakarrik Raren bandan aritzeagatik, baizik eta gazte saldoak trebatzen eta instrumentuak eraikitzen zituelako.

Emanaldirako formatu handia aukeratu zuen: bi kontrabaxu, bi harpa, perkusioa, biolina eta saxofoia. Banda agertokian zegoen bitartean, Afrikako behatokietako irudi astronomiko ikusgarriak proiektatu zituzten. 

Grabazioa burutu eta aste batzuetara, Sun Ra zendu zen, eta Cohranek Sun Rari eskaini zion obra: «Sun Rak nire bizitzan benetan nabarmendu zen zerbait erakutsi zidan: egiten duzuna egiten duzula, egin beti».

Hala, grabazioan jasotako zazpi doinuak izar artean altxatzen dira zeremoniatsu, espiritualtasun nabarmena haizatuz, nahiz eta, biolinen eta emakumezkoen ahotsak lagunduta, tarteka eremu blues zaleetan ere murgiltzen den: hala nola, Cohran Blues izenburuko doinuan. Hala deskribatu zuen bere formazioa musikariak: «Musikologia ikastea, eta gero astronomian eta arkeoastronomian barneratzea, eta istorioaren benetako ikuspegia ulertzea zabortegi batean urrezko meatze bat aurkitzea bezala izan zen».

Obra energia hipnotikoz beteta dator. Batzuetan errepikatze tribaletan oinarritzen da, baina besteetan, unibertsoan zehar zabaltzen da, ikuspegi erabat eklektikoaren bidetik, betiere, edertasuna bilatzeko asmoz. Unibertsoarekin konektatzen duen lana da, jazz zaleak ez ezik, bestelako musika zaleak ere aireratuko dituena. 

Aurtengo berrargitalpenen zerrendako lehen postuetan agertuko dira Afrikako zeru ezti hauek, baina binilozko diskoek egun bizi duten burbuilaren ondorioz, ez da batere merkea izango diskoa eskuratzea, merezi duen packaging elegantez jantzita badator ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.