Ostegunean hasiko da Jazzinema zikloa, Euskadiko Filmategiak uda garaian jazz musika eta zinema uztartuta antolatzen duen programazioa. Gasteizko Artium museoan abiatuko da, Koln 75 filmaren (Ido Fluck, 2025) aurrestreinaldiarekin. Alemaniak, Poloniak eta Belgikak elkarrekin ekoitzi dute pelikula, eta Vera Brandesen istorioa kontatzen du, 1970eko hamarkadan Keith Jarrettek Kolonian eskainitako bakarkako kontzertu ospetsua antolatu zuen gaztearena. Berlingo Zinemaldian estreinatu zuten filma, eta orain Gasteizko Artium museoan, Donostiako Tabakaleran, Iruñeko Golem Yamaguchi zineman, eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Le Select zinema aretoan aurkeztuko dute. Artium museoko estreinaldia Alberto Ibarrondo Gasteizko Jazzaldiko zuzendariak aurkeztuko du, eta Tabakalerakoa eta Golemekoa Begoña del Teso film kritikariak.
Halaber, Jazzinema zikloak The Conversation (Francis Ford Coppola, 1974) film klasikoa berreskuratuko du. Pelikulak Cannesko Urrezko Palma irabazi zuen 1974an, eta aurtengo otsailean zendutako Gene Hackman aktorea du protagonista. Hain justu, aktore horren irudiarekin egin dute aurtengo zikloko kartela.
Beste bi pelikula ere ikusteko aukera izango da zikloan. Batetik Legacy (Manal Masri, 2025); Danimarkako CPH:DOX dokumental jaialdian estreinatu zuten, eta hainbat zinema dokumentaleko jaialditan parte hartu du. 1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako Eskandinaviarako bidaia bat proposatzen du lanak, garai hartan jazz musikak han izandako loraldia kontatuta. Jazz musikaren izar eta izen ezagunen seme-alabak ageri dira dokumentalean —besteak beste, Dexter Gordon, Don Cherry, Sahib Shihab, Joe Hareis eta Quincy Jonesen seme-alabak—, eta arrazismoaz, segregazioaz eta aktibismo politikoaz jarduten dute.
Zikloa amaitzeko, Soundtrack to a Coup d’Etat (Johan Grimonprez, 2024) filma emango dute. Iaz estreinatu zuten Sundance Zinema Jaialdi independentean, eta Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean programatu zuten gero. Filmak kontatzen du nola lortu zuten Abbey Lincoln eta Max Roach musikariek 1961ean Nazio Batuen Segurtasun Batzordeko bileran sartzea Patrice Lumumba Kongoko liderraren hilketa salatzeko.
Film guztiak uztailean emango dituzte, arratsaldez. Iruñean, sanferminen ostean hasiko dute zikloa, eta abuztuaren 11ra arte luzatuko. Azkenik, Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretoetan zikloa osatzen duten lau filmetako hiru ikusteko parada egongo da: Koln 75,Soundrack to a Coup d’Etat eta Legacy.