Film batek markatutako ibilbidea izan zen Jean-Paul Rappeneau zinemagile frantziarrarena. 1990ean estreinatu zuen Cyrano de Bergerac, Edmond Rostanden obra klasikoan oinarrituta zegoena, eta arrakasta handia lortu zuen berehala; lehendabizi Frantzian bertan eta ondoren mundu osoan. Gerard Depardieu aktoreak bete zuen ezpatari poetaren rola film horretan, eta horri esker Oscar sarietarako izendatu zuten. Filmak, gainera, hamar Cesar sari eskuratu zituen, tartean film onenari zegokiona. Rappeneau atzo hil zen, 94 urte zituela, eta filmografia labur baina arrakastatsu bat utzita.
Cyrano de Bergerac-ek oihartzun handia eman zion zinemagileari, baina horren aurretik ere hainbat film zituen zuzenduak Rappeneauk. Auxerren jaio zen, 1932an, eta nazien okupazio garaian hazi zen. Izan ere, alemaniarrek haren aita atxilotu zuten gerra sasoian, eta familiaren etxea ere hartu zuten soldaduek. Rappeneauk 1966an estreinatu zuen bere lehenengo filma, La vie de château, hain zuzen ere okupazioaren garaian girotutakoa eta Catherine Deneuve eta Philippe Noiret aktoreak protagonista zituena.
Film gutxi zuzendu zituen Rappeneauk, eta Cyrano de Bergerac-en proiektuari heldu arte beste hiru pelikula baino ez zituen egin: Les Mariés de l'an deux abenturazko komedia —Jean Paul Belmondorekin— (1971), Le sauvage —Deneuverekin eta Yves Montandekin— (1975) eta Tout feu tout flamme —hori ere Montandekin— (1982). Guztietan erakutsi zuen umorea, elkarrizketa biziak eta ikuskizuna uztartzeko nahia. Izan ere, nouvelle vague mugimenduaren aurrean, haren zinemak ikusgarritasuna zuen helburu. «Begientzako distira izan behar du zinemak», zioen, zinema ulertzeko bere moduaz galdetuta.
Cyrano de Bergerac-en ondoren ere segitu zuen filmak zuzentzen. 1995ean, adibidez, Le hussard sur le toit estreinatu zuen, Jean Gionoren obran oinarritutako pelikula. Belles familles (2015) komediarekin bukatu zen Rappeneauren zinema ibilbidea.