Kritika-Musika

Jeff Tweedyren erakustaldi intimoa

mikel lizarralde
2026ko otsailaren 11
12:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

JEFF TWEEDY

Non: Donostiako Kursaaleko auditoriumean.

Noiz: otsailaren 10ean.

Wilco taldeak gure artean jarraitzaile ugari dituen arren, taldeko buru Jeff Tweedyk ez zuen lortu, astearte iluntze euritsuan, Donostiako Kursaaleko auditoriuma betetzea, eta areto handiko goiko partea oihal batekin itxi zuten, lekuari goxotasun handiagoa emateko. Tweedyk Twilight Override disko hirukoitza kaleratu zuen iaz, eta (ustez) lan hori zuzenean aurkezteko birarekin hasi berri da. Kontua da gaurtik aurrera diskoan parte hartu duten musikariak izango dituela alboan kontzertuetan, baina birako lehen hiru kontzertuak, tartean Donostiakoa, bakar-bakarrik eman dituela Tweedyk. 

Hiru gitarra akustiko eta kantu bakar batean erabili zuen aho soinu bat baino ez zituen behar izan musikari estatubatuarrak Donostian emanaldi hunkigarria egiteko. Inolako artifiziorik gabe eta soiltasun erabatekoarekin —Joserra Senperenak txio batean zuzen adierazi duen bezala, «ez pedalik, ez loopik, ez argiztapen aldaketarik... ezta gitarrak afinatzeko rody-rik ere»—, Tweedyk bere ibilbideko pieza esanguratsuak aletu zituen, bakarkako azken lan estimagarriko hainbat kantu ere jota (Caught in the Past bizia, Throwaway Lines intimoa, Stray Cats in Spain malenkoniatsua), baina, batik bat, Wilcoren harribitxi ugari berreskuratuta.

Yankee Hotel Foxtrot (2002) maisulaneko bi kantu (I Am Trying to Break Your Heart eta Ashes of American Flags) eman zituen hasieran, disko hartan zuten jantzi esperimentala erabat baztertuta eta oinarrizkora mugatuta, baina beste hainbat diskotako piezak ere entzun ziren Kursaalean: You and I dinamikoa, Impossible Germany garaiezina —nahiz eta baten batek Nels Clineren gitarra solo maiestatikoaren falta sumatuko zuen kantu horretan—, Handshake Drugs... Aho soinuarekin lagundu zuen, berriz, Via Chicago, eta Neil Youngen esparrura eraman, kantuaren bikaintasunari eutsita. Eta Uncle Tupelo bere lehenengo taldeaz ere oroitu zen (New Madrid)

Kontzertua momentu goren ugariz josita egon bazen ere, bereziki hunkigarria izan zen Woody Guthrieren hitzetan oinarritutako Remember the Mountain Bed luzeak eta Tweedyk Golden Smog supertaldearekin —Wilcoko abeslariak ez ezik, besteak beste, The Jayhawks eta Soul Asylum taldeetako kideek osatu zuten— argitaratutako Please Tell My Brother soil bezain dirdiratsuak osatutako bikoa.

Tweedy gustura zegoela sumatu zen kontzertu osoan, komunikatzeko gogoz, eta baita umoretsu ere. California Stars hasi baino lehen, adibidez —hori ere Guthrieren hitzekin sortutakoa—, kantuaren tonua aldatzeko keinua egin zuen, eta Jesus, Etc-rekin nahastu eta bigarrenez hasi eta gero, kantua berriro entzun nahi zuen galdetu zion publikoari.

Bisetan Lou Reed Was My Babysitter, hau da, New Yorkeko musikariari eginiko bere omenaldi partikularra eta I'm the Man Who Loves You jo zituen, eta bi horiekin agur esan. Oholtzara sartzean bezala, umiltasuna eta gertutasuna erakutsita. Publikoak ondo eskertu zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.