«Egunero kantu txar bat idazten saiatzen bazara, noizean behin kantu on bat idatziko duzu», zioen Jeff Tweedyk (Illinois, AEB, 1967) orain dela hilabete gutxi batzuk The New York Times egunkariari emandako elkarrizketa batean. Eta kontuan izanik kantuen sorkuntzari eskainitako liburu bat ere baduela idatzia —How To Write One Song (Nola idatzi kantu bat)—, sormen erakustalditzat baino ezin da hartu Twilight Override, bere azkeneko diskoa. Lan hirukoitza baita, 30 abesti —ez dago hemen zubi lana egiten duen piezarik— biltzen dituena bi ordutan. Wilco taldeko buruak Donostiako Kursaalean aurkeztuko du, asteartean, 19:30ean, bere bakarkako ibilbidean egin duen bosgarrena lan hori. Asteburuan Lisboan eta Coruñan (Galizia) egin bezala, bakarkako formatuan ariko da Euskal Herrian ere.
Tweedyk berak azaldu duenez, diskoaren hazia bi semeekin egindako auto bidaia luze batean erein zuen. Zeharkaldi hartan The Clashen Sandinista! diskoa hasi eta buka entzuteko aukera izan zuten, hura ere disko hirukoitza, hura ere bi ordu inguru irauten duena, eta ordura arte egin gabeko zerbait egiteko ideia orduantxe bertan sortu zitzaion: «30 kantu bilduko dituen bi orduko proiektu bat gauzatzen duzunean, badakizu aurretik egin gabeko gauza batzuk aterako direla prozesuan».
1987an Uncle Tupelo taldea sortu zuenetik, Tweedyren musika —batez ere Wilco taldearekin— countryaren, folk-rockaren, pop argitsuaren eta nolabaiteko esperimentazioaren artean mugitu da, batzuetan alde jakin batera erabat lerratuta, besteetan generoen arteko mugak etengabe zeharkatuz. Twilight Override-n ere molde ezberdineko kantuak bildu ditu abeslari eta gitarristak, baina batik bat bere alderdirik pausatuena azaleratu du, folkaren eta poparen arteko bidegurutzean kokatzen dena.
Ondo pentsatutako diskoa
Hasiera batean diskoa hiru atal jakinetan banatzeko asmoa izan zuen Tweedyk, eta haietako bakoitzak iraganari, orainari eta geroari egingo zien erreferentzia. Azkenean, baina, kontzeptu zehatzik gabe sekuentziatu du Twilight Override. Horrek ez du esan nahi, halere, kantu bilduma huts bat denik. Tweedy: «Ondo legoke jendeak, behin bada ere, diskoa hasi eta buka entzungo balu, film baten modukoa baita. Horrela ez dituzu ikusiko eszena ezberdinak eta ideia bat egin. Ondo legoke behin gutxienez hasieratik bukaerara entzutea diskoa, uste dudalako zerbait ezberdina sortu dudala. Baina, era berean, kantu bakoitzak bere kasa eutsi behar dio, eta diskoa osatzen duten hiru diskoak ere ezberdinak dira euren artean».
Beste garai batzuetan izandako barne gatazkak atzean utzita, Tweedy bere buruarekin eta inguruarekin bakean bizi da egun, eta hori ere islatzen du bere lanetan. Aitortu du disko hirukoitz bat egiteko ideia erraz bihurtu daitekeela «egoa elikatzeko aitzakia», baina ez dela hori izan bere asmoa. Aitzitik, «garai ilunei» samurtasunez eta maitasunez erantzuteko modu gisa ikusten du lana: «Disko hau konektatzeko dudan desiraren erakuslea da. Nire familiarekiko eta gizakiarekiko sentitzen dudan maitasunaren adierazpen handi bat da».
JEFF TWEEDY
Non: Donostiako Kursaaleko auditoriumean.
Noiz: Asteartean, 19:30ean.