JESSE SYKES & THE SWEET HEREAFTER
'Forever, I've Been Being Born'
Diskoetxea:Â Southern Lord Records.ÂÂ
Batzuetan musikari edo talde baten izen artistikoa izan daiteke haren lanean murgiltzeko aterik egokiena. Orain dela bi hamarkadatik gora izan nuen lehendabizikoz Jesse Sykes estatubatuarraren berri, haren aurreneko diskoa (Reckless Burning, 2003) eskuetara iritsi zitzaidanean, eta, hasiera-hasieratik, nire arreta piztu zuen abeslari eta gitarristak izenaren ondoan zeraman beste deitura: The Sweet Hereafter. Izan ere, Russell Banks idazleak 1990eko hamarkadaren hasieran argitaratutako eta Atom Egoyanek urte batzuk geroago zinemara egokitutako nobela bikain baten izenburua da horixe bera. Diskoa bera entzutean ohartu nintzen Banksen nahiz Egoyanen lanei zerien tristezia ia infinituaz bustita zegoela Reckless Burning ere, eta haren kantuetan galera, amets hautsiak, errua eta mina gordetzen zirela.
Jesse Sykes & The Sweet Hereafterrek —ez dugu esan, baina Phil Wandscher gitarristak (Whiskeytown taldean ibilitakoa) osatzen du bikotea—, beste hiru disko argitaratu zituen 2011ra bitartean —Oh My Girl (2004), Like, Love, Lust and the Open Halls of the Soul (2007) eta Marble Son (2011)—, guztiak ere country ilunaren inguruan ardaztuak, baina ñabardura ugari erakusten zituztenak. Azkeneko disko hark, esaterako, azpimarra jartzen zuen Wandscherren gitarra elektrikoetan, zeintzuek rock psikodelikora eramaten baitzituzten kantuetako asko.
Marble Son argitaratu ostean, Sykesek eta Wandscherrek beste zeregin batzuetara bideratu zuten beren sormen gogoa, eta kantariak, esaterako, bideogintzari ekin zion, harik eta 2020an Dave Alvinek sortutako The Third Mind rock, psikodelia eta blues proiektuari batu zitzaion arte. Aurten, berriz, berriro elkartu da bikotea, eta Jesse Sykes & The Sweet Hereafter-en bosgarren diskoa argitaratu berri du: Forever, I’ve Been Being Born.
«Disko berriak antsietate, zarata eta amorru guztiaren ondoren gertatzen denari buruz hitz egiten du. Ondo negar egin edo trauma bat izan ostean geratzen den hondarraren modukoa da», azaldu du Sykesek bere azkeneko diskoaz, eta ondo definitzen du Forever, I’ve Been Being Born-en izaera, disko osoari nolabaiteko lasaitasun bat baitario, nahiz eta baretasun horren barruan tentsio uneak ere antzematen diren.Â
Marble Son-en pasarte pisutsuagoak atzean utzita, Sykesek eta Wandscherrek countryaren, folkaren eta psikodeliaren artean mugitzen diren hamar kantu bildu dituzte lan berrian. Gitarra akustiko iradokitzaile batekin eta Sykesen ahots goxo bezain sendoarekin hasten da diskoa (Feather Treasure), baina berehala presentzia irabazten doan gitarra distortsionatu bat antzeman daiteke, kantua mantra moduko batean bukatzeraino. Â
Izan ere, Sykesen ahotsarekin batera, Wandscherren gitarra kolorez eta ñabarduraz beteak protagonismo osoa hartzen du diskoan, beste hainbat tresna ere —baxua, bateria, sintetizadoreak, hariak— erabili badituzte ere. Eta gitarra horrek definitzen du askotan kantu bakoitzaren tonua eta giroa. Hala, batzuetan country-folkaren eremura eramaten du entzulea (Dead End Pools), beste batzuetan pasarte ia onirikoak osatzen ditu (My Sweet Hereafter), eta bada Damon & Naomiren mundu zerutarretara iristen den piezaren bat ere (Forever, I’ve Been Being Born).
Aipatzekoa da, halaber, Marissa Nadlerren ahotsak ere entzuten direla zenbait kantutan. Ez da harritzekoa, hura izanda psych-folkaren izen handienetako bat.