Aingura beltz mardulen bilduma oparo bat, altzairuzko kate pisutsuak, eta, orain, baita bi arrantzaleren eskultura monumental bat ere. Bilboren itsas- eta merkataritza-historia agertzen duten piezez lepo daude Itsasmuseumen inguruak, eta beste artelan bat batu berri zaio bildumari: Jesus Lizaso artista barakaldarrak ondutako Ozeanoaren erroak obra. 2010. urtean egin zuen Lizasok eskultura, eta dagoeneko ikusgai dago Euskaldunako dikeen alboan, ontzi historikoen, ponpa etxearen eta Carola garabiaren aldamenean.
Bi metroko oinarria eta sei metroko altuera du piezak, eta bi marinelek osatzen dute, modu eskematikoan irudikatuak; corten altzairuz taxututako bi lagunen gorputzak zutabe luzangak dira, eta horien gainean paratutako karratuak dira haien bisaiak; aldamenean, altzairuari itsatsita eta besoa irudikatzen duen zati lodi batek oratuta, hirugarren zutabe bat dago, luzeagoa eta zurez egina: arrauna. «Obrak bi pertsonaia irudikatzen ditu ortzi mugari begira, euren arraunarekin harmonia sakonean», azaldu du artistak goizeko aurkezpen prentsaurrekoan.
Ez dira ausazkoak ez itsasgizonak irudikatzea hautatu izana, ezta haiek moldatzeko erabilitako materialak ere. Bilboko alkate Joan Mari Aburtoren hitzetan, «artelana handia da tamainari dagokionez, baina baita esanahiari eta sinbolismoari dagokionez ere», corten altzairuz eta egurrez eginikoa izateagatik, batik bat. Bilboko historian «errotuta» dauden materialak direla adierazi du Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak, altzairuzkoak baitziren itsasadarretik irteten ziren merkataritza ontziak, eta, bestalde, zurezkoak baitziren arrantzaleen itsasontziak, hark azaldu duenez: «Obrak iraganean botatzen ditu sustraiak, eta orainaldian ditu adarrak».
Itsasadarra lekuko
Historiarekin ez ezik, ordea, tokiarekin ere lotura erdietsi du Lizasoren lanak, piezaren koloreak bat egiten duelako aurrez aurre duen Euskalduna jauregiko eraikinaren tonuarekin, Aburtoren hitzetan; corten altzairuz ondutako bi eraikuntzen arteko «elkarrizketa» eragin du Lizasok, alkatearen iritziz. Toki horretan egiten ziren, zehazki, merkataritzarako ontziak, museoko zuzendariak gogorarazi duenez. Ildo beretik, Ruigomezek adierazi du eskulturak «metafora polita sortzen» duela dagoen lekuan, baina iruzkinarekin ez dio inguruko arkitekturari erreparatu, ezpada hura baino lehenagoko elementu bati: «Itsasoaren zati honi itsasadarra deitzen zaio; ez da erreka, ezta ibaia ere, itsasoaren adar bat baizik». Eta Lizasoren obraren izenburuak, hain justu, ur gaziari egiten dio erreferentzia, ez ur gezari.
Bilboko merkataritzaren historiaz diharduen lan orok ezin dezake itsasadarra saihestu, alkatearen hitzei erreparatuta. «Beti izan da Bilboren ardatza», haren arabera, eta bada, ezinbestean, Lizasoren artelanaren testuinguruaren zati ere. «Merkataritza hiri bezala sortu zen Bilbo, 1300. urtean, eta 1511n mugarri bat ezarri zuten kontsulatuaren ordenantzek, gerora merkataritzaren kodea izango zenaren aurrekaria izan baitziren». Eta itsasadarra erreferentzia izan da ehunka urte horietan. «Bilbok munduarekin duen zilbor hestea da; sortu zenetik, portu askorekin izan ditu loturak. Gaztelako artilea irteten zen bertatik, besteak beste, eta produktu manufakturatuak sartzen ziren», zehaztu du zuzendariak.
Lizasoren itzulera
Lan kontuengatik, urteak eman ditu Bizkaitik kanpo artista barakaldarrak. Laster itzultzea aurreikusten du, baina, bitartean, artearen eskutik lortu du jatorrira bueltatzea. Aburtok kontatu duenez, behin artistak gogorarazi zion Bilbon aspaldian ez zela bere obra esanguratsurik erakutsi; Ozeanoaren erroak lanak hutsunea bete du, hein batean. Era berean, ez da Itasmuseumek bere obra bat hartzen duen lehen aldia ere. 2013an, bi eskultura utzi zizkion artistak museoari: El tuercebarros eta Remero. Lehena Campo Volantin pasealekura lekualdatu zuten iaz, Zubizuriren ondora; «itsasadarraren beste bazterrera», alkateak azpimarratu duenez. Beste artelan andana batekin batera osatzen du Euskal Artisten Eskulturen Pasealekua izenekoa; proiektuak «kultura herritarrei hurbiltzeko helburua» duela nabarmendu du Aburtok.