Euskal hizkuntza eta euskal kultura sustatu, hedatu eta normalizatzeko lanetan egindako ahaleginengatik nabarmendu diren pertsona, talde eta erakundeak saritu ohi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta sariarekin. Sariaren seigarren aldian, Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia, 1942) idazle, kazetari eta soziologoa saritu dute. 2007. urtetik Euskaltzaindiko kide osoa da Torrealdai, eta gai askotako liburuen egilea da. Sari ugari lortu izan ditu euskara sustatzen eta aztertzen. 2003an, guardia zibilek atxilotu zuten, orduko Espainiako Gobernuak Euskaldunon Egunkariaren aurka abiatutako prozesuaren barruan. Aurten absolbitu dute kargu guztietatik, beste auzipetuekin batera.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak emango dio saria, datorren abenduaren 3an,Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunen barruan. Bizkaiko Foru Aldundiak sortu zuen Lauaxeta saria duela sei urte. Lauaxeta (Esteban Urkiaga) saria irabazi dutenen artean aipatzekoak dira, besteak beste: Ander Manterola (2005), Orue Auzoko Pasiotarren Alkartea (2006), Miren Agur Meabe (2007), Bizkaia Irratia (2008) eta Jon Kortazar (2009).
Joan Mari Torrealdaik jasoko du 2010eko Lauaxeta saria
Euskal kultura sustatzen egindako lana aitortu dio sari horrekin Bizkaiko Foru Aldundiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu