Donostiako 73. Zinemaldia

Jodie Fosterren, Emma Stoneren eta George Clooneyren lan berriak Perlak sailean lehiatuko dira

Cannesko zinema jaialdian lehiatutako eta Veneziakoan programatutako hamasei lan lehiatuko dira 73. Zinemaldiko Perlak sailean. Richard Linklaterren 'Nouvelle Vague' izango da erakutsiko duten lehen lana, eta Rebecca Zlotowskiren 'Vie privée' azkena.

Richard Linklaterren 'Nouvelle Vague' filma. ZINEMALDIA
Richard Linklaterren 'Nouvelle Vague' film luzea. ZINEMALDIA
2025eko abuztuaren 22a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduan zeresana eman duten edo emango duten hamasei film lehiatuko dira 73. Zinemaldiko Perlak sailean. Lan horiek zeresana emango dute ez soilik aktore ospetsuek parte hartzen dutelako, baizik eta baita Europako zinema jaialdi entzutetsuenetan lehiatu direlako edo lehiatuko direlako ere.

Richard Linklaterren Nouvelle Vague proiektatuz abiatuko da sail horretako programazioa. Cannesko lehiaketa ofizialean estreinatu zuten film hori. Jean-Luc Godarden À bout de souffle (1959) ardatz hartuta, Frantziako nouvelle vague mugimendu zinematografikoaren kontakizuna egiten du.

Bestalde, Jodie Foster protagonista duen Vie privée filmak itxiko du Perlak saileko egitaraua. Fosterrek psikiatra baten rola jokatzen du, eta paziente baten heriotza ikertu beharko du. Rebecca Zlotowski da zuzendaria, eta filma Cannesen programatu zuten jada.

Cannestik Donostiara

Zinema jaialdi horretan bertan estreinatu zen Guillermo Galoeren lehen film luzea: Ciudad sin sueño. 2023an Aunque es de noche film laburra grabatu zuen Madrilgo Cañada Real auzoan, antzezle ez-profesionalekin. Bada, aurtengo Zinemaldian lehiatuko den film luzea toki berean eta aktore berberekin filmatu du.

Cannesen proiektatu zen Jafar Panahiren Un simple accident ere Perlak sailean izango da. Are, Frantziako jaialdi horretako saririk preziatuena lortu zuen, Urrezko Palma. Filma aurreikusi ezinezko ondorioak izango dituen gorabehera txiki batekin hasiko da. 

(ID_17558575564805) (/EZEZAGUNA) Guillermo Galoeren \'Ciudad sin sueño\' filmaren fotograma bat
Guillermo Galoeren 'Ciudad sin sueño' filma. ZINEMALDIA

Perlak sailean lehiatuko diren beste sei film ere Frantziako jaialdi horretan proiektatu zituzten. Horien artean Hasan Hadi zuzendari irakiarraren Mamlaket al-Qasab eta Kleber Mendoça brasildarraren O agente secreto. Lehenengoak zigor latz bati izkin egiteko Sadam Hussein presidenteari urtebetetze tarta bat prestatu behar dion neskato baten istorioa du hizpide. Bigarrenak, berriz, ihesean eta semearen bila dabilen gizon baten bizitza kontatzen du, Marcelorena; lana 1977an girotua dago, Brasilen. Halaber, Cannesen izan ziren lan hauek ere lehiatuko dira Perlak sailean: Ástin sem eftir er (Hlynur Palmason); Orwell: 2+2=5 (Raoul Peck) ez-fikziozko lana; Affeksjonverdi (Joachim Trier) familiaren inguruko esplorazio lana, eta Amélie et la métaphysique des tubes animaziozko ekoizpena (Mailys Vallade eta Liane-Cho Han). 

Aurreko geltokia, Venezia

Cannesko jaialdian parte hartu zuten hamar filmekin batera lehiatuko dira Veneziako Zinemaldian programatuta dauden beste sei film. Horietako bat da Olivier Assayasen Le mage du Kremlin: artista eta telebista ekoizle gazte bat Putinen aholkulari bihurtu zenekoa kontatzen du. Jude Law, Alicia Vikander eta Paul Dano dira filmeko aktoreetako batzuk. Assayasek bosgarren aldia izango du Zinemaldian.

Jay Kelly Noah Baumbachen film berria da, Oscar sarietarako izendatuta dago, eta George Clooney dauka protagonistatzat. Aktore entzutetsu horrek krisi pertsonal batean murgilduta dagoen zinema izar baten rola jokatzen du. Laura Dern, Adam Sandler eta Greta Gerwig ere agertzen dira filmean, besteak beste. 

Jafar Panahiren 'Un simple accident' film luzearen fotograma bat. ZINEMALDIA
Jafar Panahiren 'Un simple accident' film luzearen fotograma bat. ZINEMALDIA

Kauther Ben Hania zinemagile tunisiarraren The Voice of Hind Rajab lan berria ere lehiatuko da Perlak sailean. Film hori osatzeko, fikziozko lan bat osatu du 2024an Israelgo armadak bere familiarekin batera akabatu zuen neskato gazatar baten benetako historian oinarrituta. Yorgos Lanthimos greziar zinemagilearen Bugonia lan berria ere lehian izango da. Emma Stonek jokatzen du komedia beltz horretako rol nagusia. 

François Ozonek Urrezko Maskorra lortu zuen 2012an Dans la maison filmarekin. Bada, zinemagilea L'étranger izeneko lan berriarekin lehiatuko da aurtengo Perlak sailean. Albert Camusen izen bereko eleberriaren egokitzapena egin du. Azkenik, Paolo Sorrentinoren La grazia ere izango da ikusgai Donostian, eta lehian parte hartuko du. Italian girotutako amodio istorio bat du ardatz, eta Veneziako Mostran erakutsiko duten lehen lana ere izango da. 

(ID_17558693717565) (/EZEZAGUNA) Kaouther Ben Haniaren \'The Voice of Hind Rajab\' film luzearen fotograma bat
Kauther Ben Haniaren 'The Voice of Hind Rajab' film luzea. ZINEMALDIA 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.