Jazzaren tradiziotik abiatu, bere hizkuntza musikal propioa eraiki, eta, aurkitu bezain pronto, berriz hautsi zuen. Saxofoia, inprobisaziorako tresna ez ezik, soinua, espiritualtasuna eta askatasuna ikertzeko eremu ere bihurtu zuen. 1967an hil zenean, jazzaren norabidea aldatuta utzia zuen. 40 urte baino ez zituen. Asteazkenean ehun urte beteko dira John Coltrane saxofonista estatubatuarra jaio zenetik.
Hamleten jaio zen, Ipar Carolinan (AEB), 1926an, eta musika eta erlijioa etxean bertan ezagutu zituen. Aita jostuna zuen, eta musikazalea; ama piano jotzailea zen; eta bi aitona-amonak artzain metodistak. Erlijioak eta elizako musikak arrasto sakona utziko zuten gero haren sorkuntzan.
Gaztetan klarinetea eta saxofoi altua jo zituen, baina Lester Young, Johnny Hodges eta antzeko saxofonistak entzunda, instrumentuarekiko interesa are gehiago piztu zitzaion. Rhythm and blues taldeetan aritu zen, eta, 1940ko hamarkadaren amaieratik aurrera, Dizzy Gillespieren, Earl Bosticen eta Johnny Hodgesen taldeetan jo zuen. 1955ean Miles Davisen taldean sartzea izan zen haren ibilbideko mugarrietako bat. Davisekin egindako grabazioek jazz modernoaren klasiko batzuk utzi zituzten: Cookin, Relaxin, Workin eta Steamin, besteak beste. Coltranek, ordea, bere ahotsaren bila jarraitu zuen.
1957an, Davisen taldetik kanporatu zuten, neurri batean heroinarekiko mendekotasunak haren ibilbidean izan zuen eraginagatik. Esperientzia hura «berpizte espiritual» gisa deskribatuko zuen urte batzuk geroago, eta haren bizitza eta musika betiko aldatuko zituen. Handik aurrera, musikarekiko zuen konpromisoa are sakonagoa bihurtu zen: ordu luzez praktikatu, soinu berriak bilatu eta jazzaren ordura arteko mugak behin eta berriz gainditu zituen. Thelonious Monken laukotean aritu zen hilabete batzuez, eta pianista haren musikak eragin handia izan zuen saxofonistaren garapenean. Urte hartan bertan grabatu zuen Blue Train, Blue Note zigiluarekin egin zuen bakarkako disko bakarra. Bluesaren sustraiak ageri dira bertan, baina baita Coltraneren gero eta nabarmenagoa zen soinuaren bilaketa etengabea ere.
1958an Davisen taldera itzuli zen, eta, hurrengo urtean, Kind of Blue grabatu zuten, aditu askoren ustez, jazzaren historiako diskorik garrantzitsuenetako bat. Aldi berean, bere ibilbidea garatzen jarraitu zuen Giant Steps lanarekin: 1960an argitaratutako disko hura Coltraneren gaitasun tekniko apartaren erakusle izan zen: harmonia konplexuak eta inprobisazio azkarrak haren hizkuntza musikalaren ezaugarri bihurtu ziren.
Kritikariak orduan hasi ziren haren jotzeko moduari sheets of sound edo soinu xaflak deitzen. Nota ugari denbora oso laburrean kateatuz, Coltranek saxofoitik ia soinu geruza etengabea sortzen zuen. Baina teknikaren erakustaldia baino gehiago zen haren helburua: musika bera zabaltzea.
Laukote klasikoa
Davisengandik behin betiko aldendu ondoren, Coltranek bere taldea sortu zuen: McCoy Tyner pianoan, Jimmy Garrison kontrabaxuan eta Elvin Jones baterian zituela osatu zuen bere laukote klasikoa. Talde horrekin hasi zen bere musika gero eta urrunago eramaten. My Favorite Things, Africa/Brass, Impressions eta Crescent lanetan, besteak beste, bluesa eta tradizio melodikoa alde batera utzi gabe, gero eta gehiago sakondu zuen inprobisazioan. 1961ean Impulse zigiluarekin hasi zuen etapa izan zen haren ibilbideko emankorrena.
Baina esperimentazioak aurkariak ere ekarri zituen. Coltraneren musikak forma irekiagoak hartu ahala, entzule eta kritikari batzuek ez zuten ulertzen edo onartzen. 1965eko udan, esaterako, Chicagoko Down Beat jaialdian Archie Shepp saxofonistarekin egindako kontzertuan, publikoa bitan banatu zen: batzuek bi musikarien inprobisazioaren intentsitatea txalotu zuten; beste batzuek txistu egin, eta aretotik alde egin zuten.
«Musikak ez du zertan erraz ulertzeko modukoa izan», esan zuen 1963an. Entzulea eroso egon zedin saiatu bainoago, musikaren aukerak esploratzea zuen helburu Â
Coltranek ez zuen atzera egin. «Musikak ez du zertan erraz ulertzeko modukoa izan», esan zuen 1963an. Esaldi horrek haren jarrera artistikoa laburbiltzen du: entzulea eroso egon zedin saiatu bainoago, musikaren aukerak esploratu nahi zituen. Bilaketa horren gailurretako bat A Love Supreme izan zen. 1964ko abenduan grabatu eta 1965ean argitaratu zuen, lau zatiko suite moduan. Coltranek Jainkoari egindako esker oneko lana da, baina baita bere laukotearen inprobisazio gaitasuna eta konposizioaren egitura uztartzen dituen obra ere. Disko haren arrakastak erakutsi zuen esperimentazioa eta publiko zabalera iristea ez zeudela kontrajarriak.
Azken urteetan, ordea, Coltrane are urrunago joan zen. Eric Dolphy, Pharoah Sanders, Alice Coltrane eta Rashied Ali musikarien inguruan besteak beste, jazz librearen ertzetara hurbildu zen. Saxofoiaren soinua bera bihurtu zuen ikerketa eremu: garrasiak, zaratak eta ohiko melodiatik urruntzen ziren pasarteak ere bere hiztegiaren parte egin zituen.
Bere musikak garaiko gizartearen aldaketak ere jaso zituen. Eskubide zibilen aldeko borrokak oihartzuna izan zuen hainbat lanetan. Alabama, esaterako, Birminghamgo eliza baptista batean 1963an hildako lau nesken omenez konposatu zuen, Martin Luther Kingen hitzaldian inspiratuta; eta Reverend King Luther Kingen konpromiso soziala goresteko pieza bat da.Â
1967ko uztailaren 17an hil zen Coltrane, New Yorken, gibeleko minbiziak jota, 40 urte zituela. Haren ibilbidea eten zen, baina ez haren eragina. Ondorengo belaunaldietako saxofonista eta jazz musikari ugarik hura izan zuten erreferentzia, eta, hala, bide berriak ireki zituzten. 2007an, hil osteko Pulitzer sariaren aipamen berezia eman zioten, inprobisaziorako zuen gaitasunagatik, erakutsitako musikaltasunagatik eta jazzaren historian utzitako arrastoagatik.