John Donneren 'Meditazioak' saiakera argitaratu du Balea Zuriak

Patxi Ezkiaga zenak euskaratu zuen hil aurretik. Poeta metafisikoen artean Donne «ikur bat» dela azpimarratu dute. Hiru zatitan banatuta dago liburua

Peio Otxoteko, Aritz Gorrotxategi eta Felipe Juaristi, atzo, Meditazioak liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
John Donne poeta ingeles metafisikoaren (1572-1631) Meditazioak saiakera argitaratu du Balea Zuria argitaletxeak. Devotions Upon Emergent Occasions lanaren lehen atala da, Patxi Ezkiaga idazle, irakasle eta itzultzaile zenak hil aurretik euskaratua. «Gaixotasun baten aurrean atsekabeturik dagoen gizon baten aiene larria da; kontsolamenduaren eta hitzaren bidezko salbazio benetakoaren bidegurutzean». Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko kidearen arabera, hori da testuaren muina.

Lan berezia dela azaldu du: «Batetik, egilea XVII. mendekoa delako, eta, kasu honetan, itzultzailea, Patxi Ezkiaga, duela urte batzuk hil zelako». Hiru zatitan banatuta dago liburua. Lehendabizi, Gabriel Insaustiren hitzaurrea dago: «[Donneren] Testua ez da bereziki luzea, eta pixka bat jantzi nahi genuen, testuinguru bat eman, eta Donneren inguruko hausnarketa bat egiteko ere aprobetxatu. Pertsona egokiena Gabriel Insausti iruditu zitzaigun; aditua da poeta erromantiko ingelesetan». Ondoren, Ezkiagak egindako itzulpena du liburuak; eta, bukatzeko, Izaak Waltonek Donneren bizitzari buruz idatzitako testua, Felipe Juaristik laburtu eta itzulia.

Liburuaren aurkezpenean izan da Juaristi ere, eta hala nabarmendu du: «Argitaletxearen ideologia horretan sartzen da John Donneren estilo literarioa. Ez apaiza, edo protestantea, edo mistikoa zelako, baizik eta oso idazle ona zelako. Oraindik testu hauek badute indarra eta gaurkotasuna. Testuak oso politak dira, eta erabiltzen dituen irudiak oso modernoak dira XVII. mendekoak izateko».

Hain zuzen, Donne William Shakespeare idazlearen garaikoa dela gogoratu dute; hura baino zortzi urte lehenago jaio zen. Garaikidea du Walton biografoa ere: «Donne ezagutu zuen jendea ezagutu zuen, eta, beraz, egiten duen argazkia nahiko fidela eta errealista da». Jatorrizko biografiak, oso luzea izateaz gain, liturgia anglikanoari buruzko kontu asko dituela azaldu du. Hortaz, laburtu egin du testua euskaratzerakoan. «Itzuli dudana guri interesatzen zaiguna edo gaurko irakurle bati interesatu dakiokeena da. Iruditzen zitzaigun liburua aberastu egiten zuela».

Juaristik azaldu duenez, Ezkiagak aspaldi itzuli zuen Donneren lana, baina orain izan dute argitaratzeko aukera. Devotions liburuko zatirik «ezagunena» da. Hain justu, horixe da idazle ingelesak bizi zela argitaratu zuen liburu bakarra. «Bizi artean, batez ere, sermoigile gisa izan zen ezaguna, eta bere poesia hura hil ostean hasi zen argitaratzen». Lehendabiziko edizioa bera hil eta hiru urtetara publikatu zuten, bere semearen bidez. «30 edizio izan zituen berehala. Oso irakurria izan zen». Garai batean, baina, ezagunagoa zen Donne predikari gisa, poeta gisa baino. Hala ere, poeta metafisikoen artean «ikur bat» dela azpimarratu dute: «Donne, gaur egun, kultura ingelesean, poeta handienetarikoa da».

Juaristiren arabera, indar berezia du Donnek, eta hainbat idazlek egin diote erreferentzia. Erabiltzen dituen irudietan egin du azpimarra. Liburuko meditazioetan, gorputz atalak munduarenak balira bezala tratatzen ditu, eta uste du inportantea dela hori seinalatzea: «Thomas Hobbesek hor sostengatzen du bere teoria politikoa. Oinarrian dago gizakia estatuaren gorputzaren zati bat dela, eta gizakiok egiten dugula estatua. Hobbes ere garaikidea zuen, pixka bat beranduago jaiotakoa. Garai hartan dagoen pentsamendua oso ondo ekartzen du Donnek, era poetikoan».

Juaristiren esanetan, erabiltzen duen ingelesa ez da erraza, XVII. mendekoa delako, baina ez du zerikusirik garai hartako beste ingelesen sintaxiarekin: «Oso modernoa da».

Euskarazko lehena

Euskarara ekarritako Donneren lehen liburua da Meditazioak. Aurretik, Joseba Sarrionandiak itzulitako lau testu labur baino ez zeuden, Hezurrezko xirulak liburuan jasoak, poema moduan. Tartean, Inor ez da irla izenekoa, Meditazioak liburuan ere emana.

Pasarte ezaguna dela azpimarratu, eta ahots gora irakurri du Juaristik: «Inor ez da uharte bat, berez oso-osoa denik; gizon oro kontinentearen zati bat da, osotasunaren zati. Itsasoak lur zokor bat eramaten badu, Europa murriztu egiten da, gain bat murriztuko litzatekeen bezala, zure lagun baten orubea, edo zurea. Edozeinen heriotzak gutxiagotu egiten nau, gizadia nire ardura baita. Horregatik ez ezazu inor bidali kanpaiak norengatik jotzen duten galdezka: zugatik ari dira».

Gustura daude liburua argitaratu dutelako, eta hala azpimarratu du Juaristik: «Balea Zurian gaudenok oso maitea dugu Donne, asko estimatzen genuen Patxi Ezkiaga, eta Gabriel Insausti oso laguna dugu. Horregatik atera dugu. Liburu hau, nolabait, omenaldi bat da, guk estimatzen dugun jendeari egiten dioguna». Gorrotxategik gaineratu du «harro» daudela Donneren euskarazko lehen liburua ateratzeko aukera izan dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.