Donostiako 69. Zinemaldia

Johnny Deppek jasoko du Donostia sarietako bat 69. Zinemaldian

Aktore estatubatuarrari irailaren 22an emango diote ibilbide artistikoa aitortzen duen garaikurra.

Johnny Deep Donostiako iazko Zinemaldian. FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko abuztuaren 9a
12:24
Entzun

Johnny Depp aktore estatubatuarrak (Owensboro, AEB, 1963) jasoko du 69. Zinemaldiko Donostia sarietako bat. Ibilbide artistikoa aitortzen dute aipamen horren bitartez, eta gaur goizean iragarri dute nor izango den irabazleetako bat —ohikoa izaten da edizio bakoitzean aktore bati baino gehiagori egokitzea—. Irailaren 22an egingo den ekitaldi batean emango diote garaikurra Deppi, eta, ondoren, Manuel Martin Cuencak zuzendutako La hija filma pantailaratuko dute, Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo. Irailaren 13an jarriko dituzte salgai galarako sarrerak.

1998an izan zen lehenbizikoz aktorea Donostiako Zinemaldian, Terry Gilliamek zuzendutako Fear and Loathing in Las Vegas pelikularekin —aldi hartan atzera begirakoa eskaini zioten zuzendari britainiarrari—. Iaz itzuli zen, Julien Templek gidatutako Crock of Gold: A Few Round with Shane MacGowan dokumentalarekin.

Hiru hamarkadako bidea

Karrera oparoa du Deppek zineman: 21 urterekin debutatu zuen A Nightmare on Elm Street pelikulan (1984), eta izen handien zuzendaritzapean aritu izan da: protagonista izan zen John Watersen Cry-Baby-n (1990), baita urte bereko Tim Burtonen Edward Scissorhands-en ere. Hiru aldiz izendatu dute Oscar sarietarako, ohorezko Zesarra irabazi zuen 1999an, eta hainbatetan izan da Golden Globe sarietako ekitaldian ere: guztira, hamar izendapen izan ditu, eta, 2008an, Komedia edo Musikal bateko Antzezlerik Onenaren kategorian gailendu zen Sweeney Todd pelikulan egindako lanari esker.

Azkenaldian, Pirates of the Caribbean sagako Jack Sparrow kapitainaren interpretazioarekin izan du oihartzuna Deppek: 2003tik 2017ra bitartean, guztira bost filmetan aritu da pirataren larruan. Askotariko rolak antzeztu ditu, oro har: idazlea, polizia infiltratua eta bidelapurra izan da, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.