literatura

Jon Benitok bederatzi urteko isilunea hautsi du 'Bulkada' bati esker

Susarekin argitaratu du bere bigarren poema liburua, aurrekoarekin alderatuz apustu estetiko desberdin bat dakarrena.

gorka erostarbe leunda
2010eko azaroaren 25a
14:22
Entzun
Ez litzateke zuzen-zuzena ere bederatzi urtez isilik egon dela esatea. Besteak beste, kazetaritzan eta gidoigintzan aritu izan baita. Zenbait musikarirentzako kantuetako letrak ere idatzi izan ditu. Baina bederatzi urte igaro dira Jon Benitok (Zarautz, 1981) Aingurak erreketan (Susa) poema liburua idatzi zuenetik. Susarekin plazaratu du bigarrena ere, Bulkada izenekoa.

Donostian gaur eginiko aurkezpenean egileak azaldu du duda izan duela aurkezpena lauzpabost poema irakurriz egin edo ez. Benitoren ustetan, liburuak berak azaltzen du egokien idazleak esan nahi duena. Hala ere, poemak irakurtzearen aukera baztertu, eta liburua idaztearen prozesua, liburuaren asmo eta barne arrakalak azaldu ditu, xehe-xehe, aurkezpenetan ohikoa ez den sentiberatasuna eta sakontasuna agertuz.

Azaldu du bere baitan idazle bat hiltzen sentitu zuela aurreko liburua palzaratu ostean. Azaldu du hiru urte behar izan dituela lan berria hezurmamitzeko. Azaldu du liburuak larritasun bati erantzuten diola, norberaren eta munduaren arteko harremana islatu nahi izatearen larritasuna. Azaldu du poematan ageri den subjektuak bere antza handia duela, baina autobiografia eta autofikzioa kontzeptuak alboratu ditu.

Jon Benitoren bulkada poetiko berria zazpi ataletan egituratua. "Estetikoki eta formari dagokionez ere apustu bat badago. Esaterako, poemotan bezala hitzak ez zuela agertu behar oso garbi nuen. Hitzek bere horretan izan behar zuten nahikoa indar adierazi nahi nuena adierazteko".

Aurkezpena amaitzeko honela agurtu du bere burua Benitok: "Eskerrik asko eta hemendik hamar urtera arte".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.