Literatura

Jon Gerediaga: «Hitz poetikoari eskatzen diot etxe abegikor bat eraikitzea gizakiaren neurrira»

'Izena eta izana' saiakera ondu du Jon Gerediagak. Bertan, ibilbide bat proposatzen du «hitz poetikoaren basoan barrena, hor aurkitzen diren gauzekin entretenituz». Pentsamenduaren hizkuntzarekin dihardu, poesiaren hizkuntzarekin baino gehiago.

Jon Gerediaga, gaur, 'Izena eta izana' saiakeraren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Jon Gerediaga, gaur, 'Izena eta izana' saiakeraren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko ekainaren 9a
20:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Antzezlanak ere idatzi ditu, baina poesia landu du gehien Jon Gerediagak (Bilbo, 1975). Bederatzi poema libururen egilea da, eta bereziki bederatzigarrenaren lorratzean heldu da Izena eta izana hitz poetikoari buruzko saiakera: Zeru-lurren liburua (Elkar, 2023) poema liburuarekin, besteak beste, Irun Saria eta Euskadi Literatura saria eskuratu zituen egileak, eta «zurrunbilo» horrek zabaldu zion gogoetarako abagunea, poesiatik aldendu gabe. Pamiela argitaletxeko editore Lander Majuelo eta Jose Angel Irigarai idazlearen laguntzaz aurkeztu du gaur Gerediagak Izena eta izana.

Hitz poetikoa definizio hertsietatik edo egia biribiletatik ihesi dabilen zerbait dela jakitun egonik, «lizentzia poetiko luze bat» ondu duela esan du Gerediagak: «Ez da saiakera klasiko bat, ez baita tesi jakin bat defendatzen; ibilbide bat proposatzen dut hitz poetikoaren basoan barna, hor aurkitzen diren gauzekin entretenituz». Aurki liteke, konparazio batera, «harkaitz bat, atseden hartzeko», edota hitz poetikoan aitzindari izan diren egileen markak ere, «itzulbidea ez galtzeko, paseo horren ostean». Tartean dira Martin Hoelderlin, Rainer Maria Rirke, Emily Dickinson, Joxean Artze, Bernardo Atxaga, Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta beste hainbat.

Marko teorikoa atontze aldera, poesia gaitzat hartzen edo ur horietan ongi mugitzen diren pentsalariak aukeratu ditu Gerediagak; besteak beste, Maria Zambrano edota Martin Heidegger. Liburuan izan duen xedeaz ere mintzatu da Gerediaga: «Sistematizaziotik urrun, hitz poetikoaz esan ezin daitekeen horren inguruan zerbait esan nahi izan dut; erdigunean gelditzen den isilune hori apur bat zedarritu eta inguratu, onartuz ezin daitekeela dena harrapatu». Ondorio gisa, asmo handi bat, «beharbada handiegia» eskatzen omen dio, gainera, hitz poetikoari: «Zeru-lurrak gizakion neurrira ekartzea, etxe abegikor bat eraikitzea gizakiaren neurrira».  Eta «pretentziosoegia» balirudi, beste modu batera ere azaldu du asmoa:  «Izan bedi arnasa bakean hartzeko tokia».

«Sistematizaziotik urrun, hitz poetikoaz esan ezin daitekeen horren inguruan zerbait esan nahi izan dut; erdigunean gelditzen den isilune hori apur bat zedarritu, onartuz ezin daitekeela dena harrapatu»

JON GEREDIAGAIdazlea

Bilaketa

Izena eta izana «bilaketa liburu bat» dela dio Majuelok: «Gerediaga filosofiaren hizkuntzaren bideetatik barneratzen da, galdera primigenio horietako bati erantzuten saiatzeko. Alegia, zer gertatzen den gauzei izena eman behar zaienean, eta zer geratzen den benetan uste denean gauzek izen bat dutela». Gaineratu du Majuelok liburuan kasik izenaren beraren sorrerara egiten dela atzera, «non gauza bati izen bat emateaz haratago, beste batzuk uste duten hor badela zerbait gehiago». Poesiatik pentsamendurako jauziaz ere aritu da Pamielako editorea, eta, ildo horretatik, Jorge Oteiza pentsalariari egiten zaion aipu bat ekarri du gogora: «Hoelderlinek dio poetak erabakitzen duela zer gertatuko den-edo, hura zendutakoan haren hitzak geratzen direlako. Oteiza harago joan zen, bere tonu poetiko horretan, 'Hitzek badakite hilko garela' esan zuenean».

«Gerediaga filosofiaren hizkuntzaren bideetatik barneratzen da, galdera primigenio horietako bati erantzuten saiatzeko. Alegia, zer gertatzen den gauzei izena eman behar zaienean, eta uste denean gauzek izen bat dutela»

LANDER MAJUELOEditorea

Egiaren bilaketa eternoaz mintzatu da Irigarai: «Ez da inoiz egia osoa, baina bide horretan joatea ez ote den hain zuzen poetaren zeregina». Gerediagak aipatutako asmo «handiegia» ere izan du hizpide Irigaraik: «Esan du beharbada anbiziotsuegia dela, baina egitekotan, hori da egin beharrekoa. Poetak hitz egokia aurkitzen duenean eta poema bilduma bat egiten duenean salbatu dela sentitzen duen arren, badaki bidean emanen dela berriz. Eta gertatzen da bideak egin egin duela poeta».

Dohain berezi bat aitortu dio Irigaraik Gerediagari: «Kimatuz, betelana erantziz eta gutxi esanda, asko eta sakon esatera iristen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.