Artea

Jon Gorospe, hirien arkitekturaren behatzailea

Hirien antolaketa ereduak erakutsi eta zalantzan jartzen ditu 'Urban Morphologies' erakusketak. Gorosperen azken hamarkadako argazkiak biltzen dira hartan. Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean daude ikusgai, ekainaren 28ra arte.

Jon Gorospe argazkilaria. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Gorospe argazkilaria. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteiztarra da Jon Gorospe argazkilaria. Gaztetatik, bizikleta edo skate gainean ibili izan da hirian hara-hona, eta beste edonorentzat ia ikusezinak izan daitezkeen elementuei —are, besteentzat traba ere  izan daitezkeenei— erreparatu die. Duela urte batzuetatik hona, deigarriak egin zaizkion elementu horiei argazkiak ateratzen aritu da; nolabait esanda, artxibatzen. Eta argazki horiekin osatutako erakusketa bat dago ikusgai orain, Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean. Urban Morphologies du izena, eta ekainaren 28ra arte bisitatu ahal izango da.

Lan egiteko modu «nahikoa enpirikoa» duela adierazi du Gorospek: «Irtetea, ikustea eta jolastea gustatzen zait. Teorizatzea ondo dago, baina lekuetan oinez ibiltzea gustatzen zait; ez dut besterik behar». Alejandro Castellote erakusketaren komisarioaren hitzetan, argazkilariak hirien inguruan eskaintzen duen hausnarketa benetan interesgarria da. «Orain, inoiz baino gehiago, hiriek ikusgarri izan nahi dute, modernitatea erakutsi nahi balute bezala». Tabakalerako erakusketan zazpi argazki sail jaso dituzte. Horietako bitan, argazkiak bideoekin eta argiekin uztartuta daude. 

«Irtetea, ikustea eta jolastea gustatzen zait. Teorizatzea ondo dago, baina lekuetan oinez ibiltzea gustatzen zait; ez dut besterik behar»

JON GOROSPE Argazkilaria

Noraezean (2020) du izena Gorosperen argazki bildumetako batek. Pandemia garaian landu zuen proiektu hori, Getxophotorekin elkarlanean egin zuen, eta euskal hirien identitatea izan zuen aztergai. Gorospe: «Hiri guztiak hiri bera direlako ideia landu nuen». Garai hartan Oslon (Norvegia) bizi zen argazkilaria, eta, ezin zenez Euskal Herrira etorri, ordenagailutik ateratzen zituen hemengo herri eta hirietako argazkiak. Hirietako skyline-a interesatzen zaio Gorosperi, eta, horregatik, irudi guztiak errenkadan jaso ditu aretoan, eman dezan denek irudi bakarra osatzen dutela.

«Baztertzeko egindako arkitektura»

Artistaren lan egiteko moduari dagokionez, argazkiak atera eta gorde egiten ditu. Behin horiek berrikustean, batzuetan modua izaten du patroi batzuk ateratzeko. Hala sortu du Peripatetic Studies: The Hostile (Ikasketa Peripatetikoak: Etsaia) 2023tik gaur egunera bitarteko argazki bilduma. Eraikinetako zokoetan jartzen dituzten babeserako arkitektura piezen irudiak dira; pieza horiek galarazi egiten dute edonor bertan esertzea edo, besterik gabe, egotea. «Baztertzeko egindako arkitektura mota bat da», azaldu du Gorospek. Besteak beste, Madrilgo, Erromako, Londresko eta Bilboko adibideak jaso ditu. Bilduma horren bitartez, gizakion izatea moldatzen duten eremuei ikuspegi kritikoz begiratzera gonbidatu nahi ditu ikusleak.

(ID_17745405057075) Jon Gorospe
Peripatetic Studies: The Hostile serieko irudi bat. JON GOROSPE

Peripatetic Studies: Bivouac (Ikasketa Peripatetikoak: Bibak) seriean ere espazio publikoaren inguruko aldarrikapen bat egin du argazkilariak, 2023tik gaur egunera bitarteko irudiekin berriz ere. Etxegabeek hirietan sortzen dituzten bizileku inprobisatuak jaso ditu irudietan. Gorosperen esanetan, argazkiok nolabaiteko «ezegonkortasuna» sortzen dute ikusleengan: «Batetik, bizileku hori nolakoa den ikusteko jakin-mina dago, baina, bestetik, jendea egoera horretan ikusteak erruduntasuna ere sortzen du». «Desikustearen ideia» ere aipatu du argazkilariak. Kontatu duenez, behin irudi horiek ikusita, jendeak gehiago erreparatuko die kalean bizi diren herritarrei.

(ID_17745405498955) Jon Gorospe
Peripatetic Studies: Bivouac serieko irudi bat. JON GOROSPE

Argazkiak soilik ez

Pertsonak agertzen diren irudi bakarrak 2023-2024ko The Grid (Lauki sarea) bideo instalazioan jasota daude. Gaur egun hirietan dagoen zatiketa izan du gogoetagai argazkilariak hartan: «Zerbitzuen eta aisialdiaren hiria dago batetik, eta bizitoki dena bestetik». Azaldu duenez, jendeak garraio publikoa behar du batetik bestera joateko, eta, haren ustez, nolabaiteko «sinbiosia» dago gizakien eta garraioaren artean. Hori dela eta, bideo instalazioak tren geltokietara doan jendearen irudiak proiektatzen ditu. Gainera, instalazioak bestelako esperientzia bat ere eskaintzen die bisitariei: irudiak ikusteko ipinitako eserlekuan jarriz gero, tren baten bibrazioak eta hotsak sentitu eta entzun daitezke.

Dena, ordea, ez da hiriari egindako kritika zorrotza; esperantzarako lekurik ere badago erakusketan. 2025eko Skyline (Hiri silueta) bilduman jasotakoek islatzen dute bestelako begirada hori. «Ihesbide moduko bat dira. Ez dugu hau bakarrik pentsarazi nahi: 'Zer egiten ari gara hiriekin?'», gaineratu du Castellotek. Paretetan ez ezik, egitura laukizuzen batzuetan ere zintzilikatu dituzte irudiak; hirietako eraikinak irudikatu nahi izan dituzte hala. Gaur egungo hirien jarioa azaldu nahi du bildumak, horietako elementuen irudiak jasota. Skyline da argazkilariaren azken lana, baina oraindik amaitu gabe dago, haren arabera. «Nire lan guztiak amaitu gabe daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA