Indarkeriak pisu handia hartu du aurten Sail Ofizialean erakutsitako kontakizunetan. Jonas Trueba zinemagileak, aldiz, oso bestelako istorioa ekarri zuen atzo Kursaalera: nerabezaroko maitasun istorioen xalotasuna du hizpide nagusi La reconquista filmak. Bere lana Sail Ofizialekoen gehiengoaren tonu bortitzetik ezberdina delako pozik agertu zen zinemagile espainiarra. «Neurrigabekeriak ez du zertan zineman nagusi izan; batzuetan badirudi filmetan zortzi lagun tiroka hil behar direla, edo munstro bat agertu, edo neurririk gabe larrua jo. Interesgarria iruditzen zitzaidan film bat egitea nolabait termino zibilizatu batean, neurritasunean».
Bi gazte dira filmeko protagonistak: Manuela (Itsaso Arana) eta Olmo (Francesco Carril). Maitasun istorio bat izan zuten biek nerabeak zirenean, bientzat lehena, eta hamabost urte igarota, berriro elkartuko dira. «Anbiguotasunean» mugitzen dira bi pertsonaiak, Truebaren hitzetan, «topo egitean batzuetan elkar ulertzen dutelako, beste batzuetan ez...». Istorioaren atzean garai bateko sentsazio, usain, erritmo eta oroitzapenak berreskuratzeko nahia dagoela azaldu zuen zuzendariak; hortik izenburua (Birkonkista).
Filmaren lehen zatian, bi gazteek berriro elkar topatzen duten eguna irudikatzen da, eta amaierako zatian, berriz, nerabeak zireneko harremana. Filmatzea, ordea, alderantzizko ordenan egin zuten: Pablo Hoyos eta Candela Recio gaztetxoek interpretatutako eszenak grabatu zituzten lehenik. «Prozesu polita» izan zen, Francesco Carril aktorearen hitzetan: «Haiek gure maisuak izan ziren nolabait, guk ez genekielako ia ezer gure pertsonaia helduei buruz. Pabloren keinuak, hizkera eta mugimenduak behatuta jaio zen Olmo heldua». Itsaso Aranarentzat «opari bat» izan zen gaztetxoak lehenago grabatzen ikusi izana: «Denok barruan daramagun nerabe horren purutasun eta xalotasun horrekin kontaktu estuan jarri gintuen horrek».
Agian horixe izan zen zuzendariak hartutako erabakirik garrantzitsuenetako bat, Truebaren beraren hitzetan. «Balio izan zigun memoria edo material bat sortzeko, diamante landugabe bat nolabait, eta kalkulurik ez egiteko, ez bainuen obsesiorik [gaztetxoek eta helduek] elkarren antza izateko; antzik ez izatea ere polita izan zitekeela iruditu zitzaidan».
Aktoreak, atzekoz aurrera
Rafael Berrio musikari donostiarrak ere leku berezia du filmean: Manuelaren aitaren rola jokatzen du, eta haren kontzertu batera joango dira bi gazteak. Kantu zaharrak interpretatu ez ezik, filmerako propio sortu zuen Arcadia en flor. «Filmaren gaia entzutean, berehala arkadian pentsatu nuen. Hamazazpi egunez Arabako Errioxan, Remelluriko ermita batean itxita egon nintzen, bakartuta. Ingurua arkadia handi bat da, eta handik atera zen kantua».
Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Jonas Trueba: «Neurrigabekeriak ez du zertan zineman nagusi izan»
Gaztetxoak zirela maitasun harreman bat izan zuten bi lagun berriz elkartuko dira hamabost urte ostean 'La reconquista' filmean. Nerabezaroko xalotasuna eta denboraren iragatea ditu hizpide

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu