Musika

Jorge Martinez Ilegales taldeko abeslaria hil da

70 zituela zendu da, minbiziagatik. Irailean taldeak iragarri zuen kontzertu guztiak bertan behera utzi eta etenaldia egingo zutela.

Jorge Martinez Ilegales taldeko abeslaria. MARIO GUZMAN / EFE
Jorge Martinez Ilegales taldeko abeslaria. MARIO GUZMAN / EFE
edurne begiristain
2025eko abenduaren 9a
12:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jorge Martinez Ilegales taldeko sortzaile, konpositore eta abeslaria hil egin da, 70 urte zituela. Haren familiak eta taldearen inguruko iturriek eman dute albistea. Minbizia zuen Martinezek, eta hori zela-eta, irailean taldeak iragarri zuen kontzertu guztiak bertan behera utzi eta etenaldi mugagabea egingo zutela. Asturiasko (Espainia) ospitale batean zegoen Martinez, eta han zendu da.

1980ko hamarkadan, Espainiako rockaren ikur nagusietako bat bilakatu zen Martinez Ilegales taldearekin. Rock zorrotza, jarrera lotsagabea eta ironia beltzez betetako hitz bihurriak uztartu zituen, eta belaunaldi ugariren soinu banda bihurtu zen. Soy un macarra; Europa ha muerto; Heil Hitler!; Tiempos nuevos, tiempos salvajes eta beste dozenaka kanturen egile izan zen Martinez, eta Ilegales taldea punkaren, rock urbanoaren eta ironia politikoaren arteko eremu berezi batera eraman zuen.

1955ean jaio zen Avilesen (Asturias, Espainia), eta 21 urte zituela hasi zen musika munduan. 1977an, anaiarekin eta beste kide batzuekin Madson taldea sortu zuen. Bi urte geroago taldeari izena aldatu, eta Los Metalicos bilakatu ziren. 1982an desegin zuten taldea, eta haren jarraipen gisa-edo sortu zuten Ilegales. 1982an kaleratu zuten izen bereko estudioko lehen lana. Diskoak arrakasta handia lortu zuen, batez ere gazteen artean, eta, harrezkero, beste hogei bat lan eman zituzten argitara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.