Urtebetetze opari batekin hasi zen dena. Edward Hopper margolariaren zale amorratua izanik, haren hamabi artelanetan oinarritutako hamabi kontakizun idatzi zituen Jose Ignacio Olabe arte editore eta idazleak, eta haietako bakoitzarentzat grabatu bat egiteko eskatu Jose Antonio Azpilkueta artistari, 2024an. 70 urte betetzekoa zenez, 70 ale osatu zituen irudi eta testu haiekin, eta 70 laguni oparitu gero, baina ospakizuna zabaldu egin da orain. Editoreak opari eman dizkio artelan horiek guztiak Bilboko Arte Ederren Museoari, eta erakusketa bat osatu dute orain haiekin. After Hopper (Gau amerikarra) deitu dute bilduma, eta apirilaren 19ra arte egongo da ikusgai, museoaren eraikin modernoko bigarren solairuko aretoan.
Hopper beti oso gertuko izan duela kontatu du Azpilikuetak, eta sarritan baliatu izan dituela haren lanak Euskal Herriko Unibertsitatean ematen zituen marrazketa klaseetan. 37 urtez irakasle aritu ondoren, erretiroa hartu zuen 2024an, ordea, eta, nolabait ere, Hopperren falta sumatzen zuen, esan duen. «Nostalgia moduko bat nuen». Eta justu orduan heldu zitzaion Olaberen eskaria.
Lan handiak egiteko eskatu zion Olabek, eta halakoak dira Bilbon ikusgai dauden artelanak. Ikusleak berehala identifikatuko ditu bertan Hopperren koadrorik ezagunenetako batzuk. Tartean dira, esate baterako, Nighthawks koadro ikonikoko taberna eta Chop Suey izenburuko margolaneko kafetegiaren barnealdea, arratseko argi epelak argitua, bai eta Hotel Room margolanean lurrera begira dagoen itxura malenkoniatsuko emakumea ere. Baina, nahiz eta jatorrizko erreferentzia erraz identifikatu daitekeen, Azpilikuetak argi ikusteko moduan utzi ditu egindako moldaketak ere.

Hoteleko gelan ikusten den emakumearen kasuan, esaterako, lautan irudikatu du eszena, ia-ia narrazio bat osatuta. Inor heldu aurretik, hutsik ikus daiteke gela lehen irudian; maleta batzuk marraztu ditu artistak bigarrenaren ertz batean, Hopperren emakumea azaltzen da hirugarrenean, eta, gero, emakumeak gela behin betiko utzi balu bezala, ohea hutsik dago berriro ere azkenekoan. Eta ez da hori egin duen moldaketa bakarra. Hopperren Chop Suey koadroari dagokion, adibidez, Jose Ignacio Olabe editorearen erretratu bat txertatu baitu eszenaren atzealdean.
Editorea, ustekabean
Boligrafoa, argizariak eta koloretako arkatzak baliatu ditu Azpilikuetak irudiak sortzeko, eta digitalki inprimatu ditu ondoren. Bada, irudi horiek ez ezik, haiek sortzeko egindako zirriborro batzuk eta Olaberen liburuaren ale bat ere topatuko ditu bisitariak, aretoaren erdian jarritako erakusmahaian.
Mikel Lertxundi arte historialariak egin ditu komisario lanak. Kontatu duenez, Jacinto Olabe artistari buruzko datu bila jo zuen lehenengoz Jose Ignacio Olaberengana. Izan ere, margolaria aitona zuen. Solasaldia luzatu, ordea, eta hala izan zuen Olaberen editore lanaren berri, ustekabean.
«Jose Ignacio Olabek arte sorkuntza sustatzeko egiten du editore lana, eta sorkuntza prozesuan inplikatu ahal izateko»
MIKEL LERTXUNDI Komisarioa
Lertxundik gogoratu duenez, 1993an hasi zen Olabe editore. Alberto Renteriari egin zion enkargua orduan, eta Behi ama izeneko grabatua izan zen emaitza. Geroztik, hiru hamarkada egin ditu edizio arloan, nahiz eta sekula ez duen bere lanik merkaturatu, ez zabaldu ere. «Rara avis bat da», definitu du Lertxundik. «Arte sorkuntza sustatzeko egiten du lan hori, eta sorkuntza prozesuan inplikatu ahal izateko». Horregatik haren lagunek eta zenbait artistak baino ez zuten haren jardunaren alor horren berri. Eta horregatik hartu zuen Lertxundik ere halako sorpresa Olaberen etxera joan eta hark editatutako lan guztiak biltzen zituen kutxa ikustean ere.
Eta, geroztik, bi erakusketa ere antolatu ditu artelan horiekin. Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko erakusketa aretoan izan zen lehena, 2014an, eta Durangoko Arte eta Historia Museoan bigarrena, 2018an.
«Behin baino gehiagotan izan dut Hopperren koadroen barruan egon naizelako irudipena»
JOSE IGNACIO OLABE Arte editorea
Guztira ehun estanpa baino gehiago editatu ditu, eta bederatzi artistarekin aritu da lankidetzan. Azpilikuetarekin eta Renteriarekin ez ezik, Mikel Diez Alabarekin, Jesus Mari Lazkanorekin, Daniel Tamayorekin, Gentz del Vallerekin, Chema Elexpururekin, Koldobika Jauregirekin eta Manuel Garcia Secorekin ere aritu da lanean.
«Behin baino gehiagotan izan dut Hopperren koadroen barruan egon naizelako irudipena», esan du Olabek berak. Aspalditik du gustuko artista, eta horregatik hautatu zituen haren lanak bai ipuinak idazteko oinarritzat, bai eta Azpilikuetari enkargua egiteko abiapuntutzat ere. Esker ona adierazi dio museoari, egindako lanagatik, eta haren kalitatea nabarmendu du.
Olabek, gainera, harreman estua du museoarekin. Erakundeko arduradunek zehaztu dutenez, 2022az geroztik guztira 78 obra eman dizkie, eta, beraz, multzo zabal horren azken muturra baino ez dira orain ikusgai dauden Azpilikuetaren lanak. «Nire ustez, 60 urtera iristen den gizon batek betebeharra du gizartearengandik jasotakoa gizarteari itzultzeko», azaldu du argitaratzaileak.
Piranesiren jatorrizko grabatuak, Durangon
Arte editorea ez ezik, arte bildumagilea ere bada Jose Ignacio Olabe, eta, hain zuzen ere, haren bildumaren parte dira orain Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai dauden Giovanni Battista Piranesi artistaren 47 grabatu originalak. XVIII. mendeko Europako artearen, arkitekturaren eta arkeologiaren erreferente nagusietako bat izan zen Piranesi, eta haren ametsezko arkitekturak biltzen dira erakusketan. Piranesi. Erroma amestua deitu dute bilduma, eta apirilaren 26ra arte egongo da zabalik.