Liburua osatzen duten 45 poemekin, berak “kapital publikoa” deitzen duen hori “babestu” nahi duela adierazi du Jose Luis Otamendik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959) gaur eguerdian, Donostian, Kapital publikoa (Susa) aurkeztean. “Kapital publikoa da denona den hori, eta inork beretzat bakarrik hartzerik ez daukana”, argitu du aurrerago: “gabiltzan kalea, arnasten dugun airea, mintzo garen hizkuntza, pertsonak, oroitzapenak, egunkaria, sentimenduak…”.
Hiru ataletan banatu du liburua. Bake hotza izenekoan “azken zortzi-hamar bat urteko gertaera sozio-politikoei” erreparatu die batez ere. Jendea oinez izenekoan, honako galdera hauek izan ditu gidari: “Orain esku artean daukagunarekin zer egin behar dugu? Zer egin behar dugu gaurko egunarekin? Denok dauzkagun gauza txiki horiekin zer egin behar dugu? Zer egin dezakegu elkarekin?”. Gosaria eta legea izenekoan, azkenik “eguneroko hainbat egoeratan” ageri da poeta, bere kapitala erakusten, “zer den saltzeko ez daukadan hori”. Liburuak atalez atal orokorretik pertsonalerako bidea egiten du, eta azken atala da “intimoena”.
“Pentsatzen dut idazle naizen aldetik nire ardura nire aldiaren testigantza poetikoa ematea dela”, adierazi du Otamendik. “Jende hori dena, leku eta sentimendu horiek guztiak gorde beharra dauzkat; gorde eta erakutsi. Eta liburu hau da neure zalantza eta itxaropenekin, neure beldur eta kontraesanekin hori egiteko sortu dudan era”.
Antologiak eta bildumak alde batera utzita, zazpigarren poema liburua du Otamendik Kapital publikoa, eta Susa argitaletxearekin kaleratzen duen bosgarrena. 2007an argitaratu zuen orain hurrengoa, Erlojuen mekanika. Harrezkero idatzi dituen poema guztien “dekantazioa” da liburu berria, poetak adierazi duenez, eta tarte horretan idatzitako poema asko liburutik kanpo gelditu dira.