Jose Ramon Soroizek jasoko du aurtengo Zinemira saria

31 filmek osatzen dute Zinemaldiaren euskal filmen zerrenda, eta horietatik 26 izango dira «erabat edo hein batean» euskaraz. Zinemira sailean aurkeztuko dituzte hamahiru; tartean, 'Inurri itsuak', '300 haritz', 'Irailak' eta 'Txakun txakür'.

Euskal zinemaren aurkezpena gaur, Donostiako Tabakaleran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Euskal zinemaren aurkezpena gaur, Donostiako Tabakaleran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko abuztuaren 28a
17:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Areto bakarra nahikoa ez, eta beste bat ireki behar izan dute aurtengo Donostiako Zinemaldian euskal ekoiztetxeen parte hartzea duten filmen zerrenda aurkezteko. Eta bi aretoak bete dituzte, hain zuzen, film horiek posible egiten dituzten ekoizleek, aktoreek eta kameraren bestaldean egon ohi diren hainbatek. Gaurkoan, eserlekuetan so. 31 lanek osatzen dute aurtengo zerrenda: 26 film luzek, film ertain batek, film labur batek, bi telesailek eta ekoizpen fasean dagoen proiektu batek. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, ia sail guztietan egongo da «euskal presentzia». Film horietatik hamahiru Zinemiran proiektatuko dira, euskal zinemari eskainitako sailean. Eta euskal zinemaren gotorleku izango den atal hori gorabehera, antolatzaileek zera iragarri dute: Jose Ramon Soroiz aktoreak jasoko duela aurtengo Zinemira saria. 

Ez da entregatuko den sari bakarra. Euskal Zinemaren Irizar saria ere banatuko dute beste urte batez, eta hemeretzi izango dira hautagaiak —horietatik hamar Zinemira sailekoak—. Aurkezpenean jarri duten bideoan, zera nabarmendu du Rebordinosek: «Azken urteotan euskarazko zinemagintzak indar handia hartu du. Aurten hiru edo lau ekoizpen garrantzitsu ditugu, kostu nabarmenak izan dituztenak, gainera».

«Azken urteotan euskarazko zinemagintzak indar handia hartu du. Aurten hiru edo lau ekoizpen garrantzitsu ditugu, kostu nabarmenak izan dituztenak»

JOSE LUIS REBORDINOS Zinemaldiko zuzendaria

Zinemaldiak ez du soilik euskarazko zinema hartzen euskal zinematzat, eta, jaialdiaren sailkapenaren arabera, 26 lan dira «erabat edo hein batean» euskaraz izango direnak aurten. Zinemiran erakutsiko dituzte gehienak, eta Igor Legarretaren Inurri itsuak lanarekin hasiko da sail hori. Legarretaren hirugarren film luzea da, eta Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santos ditu protagonista. Bizkaian kokatzen da filma, 1930ean. Ekaitz gogor baten ondorioz, barnean tonaka ikatz dituen itsasontzi bat hondartu egingo da, eta Algortako herritarrak urre beltz horren bila abiatuko dira. Bestalde, Izaskun Arandia Galarragaren Irailak filma ere ikusi ahal izango da Zinemiran. Filmak zuzendariaren birraitonaren arrastoari jarraituko dio: 1935ean Tolosa (Gipuzkoa) utzi eta Burgosera (Espainia) itzuli zen, jaioterrira. Handik gutxira gerran hil zela jakinarazi zioten familiari, baina gorpua ez zen inoiz itzuli. 

(ID_16393477) ESPAÑA FESTIVAL SAN SEBASTIÁN
Maialen Beloki eta Jose Luis Rebordinos, Azken agurra filmeko kideekin. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Aitor Aranguren zuzendariaren 300 haritz filmak Mahaia kolektiboko 23 sukaldari bilduko ditu hainbat artistarekin batera. Arantzazuko kriptan elkartuko dira funtsezko galdera bati erantzuteko: nola eutsi behar zaio norberaren identitateari gaur egun? Eta gastronomiari lotuta, beste bi film: David Taberna eta Iñigo Puerta kazetariek ondutako Izarrak pelikula, eta saila itxiko duen Un tal Karlos, zeinak Karlos Arguiñano duen protagonista, eta Arantxa Agirre zuzendari.

Maite Ibañezek Pedro Arrupe misiolari bilbotarraren testigantza jaso du, hain zuzen, Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica filmean. Eta Nitya Lopez Saituak bere lehen film luzea aurkeztuko du: Simulacro. Zuzendariak bere gurasoen arteko harremanaren haustura ekarri zuen eztabaida birsortu du filmean. 

Elsa Oliarj-Inesek ere ez fikzioaren alde egin du. Zortzi urtez grabatu du Txakun txakür filma, eta, horren bidez, Elise neskatoak onartua izateko duen borroka kontatu du. Eta, azkenik, zinemagintzak eta musikak bat egingo dute: Gatibu rock taldearen azken biraren jarraipena eta 25 urteko ibilbidearen errepasoa egin baitu Jabi Elortegi zuzendariak Gatibu, agur esan barik dokumentalean. 

Euskal «talentua»

Zinemiratik kanpo estreinatuko diren filmen artean, Sail Ofizialeko emanaldi berezietan erakutsiko dira hiru: Koldo Almandozen Azken agurra, David Perez Sañudoren Sacamantecas eta Daniel Monzonen Ruega por nosotras, gaztelania hutsezkoa.

Aldiz, Zuzendari Berriak, Zabaltegi-Tabakalera eta Culinary Zinema sailetan, euskarazko edo Euskal Herrian ekoitzitako film bana izango da aurten: Javier Gineren Esta soledad, Oskar Alegria Suescunen HAMALAU gau eta Jorge Fernandez Mayoralek eta Jesus Javier Ruiz Akerretak zuzendutako Subijana más allá de un bigote. Belodromo sailean, Ander Merino Etxebesteren eta Fermin Muguruzaren Muguruza FM 40 Tour eta Aritz Morenok zuzendutako Karateka izango dira, azkenik.

«Horixe da euskal zinemaren indargune handienetariko bat: herri baten nortasuna historia unibertsal bihurtzeko gaitasuna»

IBONE BENGOETXEAEusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea

Zinemira saileko hamahiru filmen artean, badira Irizar saria jasotzeko hautagai ez diren hiru lan berezi. Horietako bat, Koldo Almandozen eta Gorka Bilbaoren Itzalak argitzen dokumentala, zeinak 1980ko hamarkadan ekoitzitako euskarazko lau film ertainen zaharberritze prozesua erakusten duen —EITBren ekoizpen bat da, eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Filmategiak ere hartu dute parte—. Eta bertan erakutsiko du Gemma Gonzalez Martinezek Las hijas del mar dokumentala ere, eta munduaren bi muturretan kokatuko du ikuslea: Euskal Herrian eta Hego Korean. Herrialde bakoitzeko komunitateek itsasoarekin duten harremana aztertzen du dokumentalean, zubi soziokultural bat eraikiz. 

Aurkezpenean adierazpenik egin ez duten arren, bertan egon dira Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunak. Eta Zinemaldiko antolatzaileek aurkezturiko bideoan agertu da, besteak beste, Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea. Euskal zinemaren «talentua» eta «ahotsa» azpimarratu ditu, eta zorion mezuz osatu du adierazpena: «Horixe da euskal zinemaren indargune handienetariko bat: herri baten nortasuna historia unibertsal bihurtzeko gaitasuna».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA