Bilboko antzoki nagusian eta 400 irakurle baino gehiagoren ahotsen babesarekin, lehen mailako aitortza jasoko du Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazleak etzi. Bilboko Bilbo Zaharra Euskaltegiak haren Leturiaren egunkari ezkutua nobela hautatu du aurtengo Klasikoen Irakurraldi Jarraiturako. Gaur egin dute aurkezpen ofiziala, eta Joseba Sarrionandia idazlea ere izan da bertan. Hark irakurriko ditu Txillardegiren liburuko lehen lerroak irakurraldian, eta eleberriari zein idazleari buruzko hainbat gogoeta egin ditu prentsaurrekoan. Besteak beste, Txillardegik euskal literaturaren zein euskararen estandarizazioaren alde egindako lana goraipatu ditu Sarrionandiak, eta haren lana orain artean behar baino gutxiago aitortu izan dela ere salatu du, adibidez, orain artean uko egin zaiolako Donostiako Udal Liburutegiari haren izena jartzeari. «Txillardegiri ez zaio aitortzarik egiten ETArekin lotzen delako», azaldu du Sarrionandiak, «baina ETAko bere militantzia gainbaloratuta dago; arma gehiago ukitu zituen Coruñako soldaduskan».
Hain zuzen ere, 1956an Galizian egindako soldaduska aldian idatzi zuen Leturiaren egunkari ezkutua Txillardegik, eta euskal literaturako lehen eleberri modernotzat jotzen dute adituek. Sarrionandiaren hitzetan, askatasuna da liburuaren gai nagusietako bat, hain justu ere, askatasuna urri zen garai eta testuinguru batean. «Txillardegik sasoi hartan ezin zuen nobela politikorik idatzi. Ezin zen halakorik argitaratu. Orduan, erabakimen pertsonalaren ikuspegitik lantzen da askatasunaren gai hori, maitasun harremanetan-eta». Eta, egoera zein zen kontuan harturik, nobelak jasotzen duen askatasun hori askatasun politikoaren alegoria bat ez ote den ere galdetu dio bere buruari idazleak.
«Txillardegik 1950eko hamarkadan ezin zuen nobela politikorik idatzi; orduan, erabakimen pertsonaren ikuspegitik lantzen da askatasunaren gaia»
JOSEBA SARRIONANDIA Idazlea
Askatasun faltari buruz gogoeta egiteko ere baliatu du Txillardegiren ispilua Sarrionandiak. Haren hitzetan, kontrakoa pentsa badaiteke ere, preso dagoenak baino askoz ere askatasun gutxiago baitu soldaduskan dagoenak. Eta anekdota pertsonal bat jarri du horren adibidetzat. 1980an atxilotu ostean, bost urte eman zituen Sarrionandiak espetxean, harik eta 1985ean Donostiako Martuteneko kartzelatik ihes egin zuen arte, eta, gogoratu duenez, espetxean izan zuen Antonio Tejeroren estatu kolpe saiakeraren berri. «Carabanchelgo kartzelan preso nengoen, eta orduan soldaduska egiten ari zen nire lagun batek, berriz, parte hartu zuen estatu kolpe hartan. Askozaz ere askatasun gutxiago zeukan berak presook baino».
Eta, halere, Sarrionandiak gogoratu duenez, soldaduskako giro estu horretan ere Txillardegik asmatu egin zuen Leturiaren egunkari ezkutua idazten.
Euskaldun urbanoak
Nobela argitaratu zen sasoian euskarak bizi zuen bihurgunea ere izan du aipagai Sarrionandiak. «Euskara gizarte tradizional baten hizkuntza izan zen ordura arte, baserritarrena eta arrantzaleena, eta momentu horretan, lehenengo sektore sozioekonomikoa desagertzen ari zen. Euskal nobela urbanizatu egin behar zela konturatu ziren horregatik hainbat pertsona». Eta, idazlearen arabera, Txillardegi izan zen horietako bat. «Egoera hori oso bitxia da. Euskaldun bat hirian. Euskaldunak hirian ezin ditu harreman normalak izan euskaraz, ez dagoelako kontestu euskaldun batean, eta, orduan, nire ustez, liburuko lehen pertsona ia obligatua da, intimitatearena delako, euskalduna hirian eta modernitatean pertsona isolatu bat delako, edo behintzat ez delako bizi kontestu eta leku euskaldun batean».
«Euskalduna hirian ez dago kontestu euskaldun batean, eta, orduan, nire ustez, liburuko lehen pertsona ia obligatua da, intimitatearena delako»
JOSEBA SARRIONANDIA Idazlea
Euskara «maldan behera» zihoan sasoi hartan, hizkuntza maldan gora jartzeko ekarpen «garrantzitsua» izan zen Txillardegiren liburua. Eta, besteak beste, hark bultzatutako euskara batuak eragindako aldaketa ere nabarmendu du Sarrionandiak bide horretan. «Euskal literatura bide itxi batzuetan sartu zen XX. mendean, baina baserri mundua desagertzen ari zen, eta gizarte urbano eta industriala nagusitzen, eta, kontestu horretan, Txillardegik eta beste batzuek lortu zuten bide ireki bat zabaltzea, bide habitagarri bat».
Txillardegirekin batera, Gabriel Aresti eta Koldo Mitxelena ere aipatu ditu Sarrionandiak euskara batua ezartzeko bide horretako izen garrantzitsuenen artean, eta, berriz ere, linguistikaren esparrutik politikaren esparrura egin du jauzi haren azalpenak berehala. «Euskaldunei kostatu zitzaigun 400 urte ortografia bateratzea. Bernart Etxeparek kaleratu zuenetik bere liburua, pasatu genituen 400 urte, hogeita zerbait letra nola idatzi adosteko. Orduan, nik ez dut esperantzarik euskaldunek politikoki adostasuna lortuko dugunik 5000 urte ingurura arte. Horregatik, Txillardegiri, Mitxelenari, Arestiri eta enparauei esker gertatu zena izan zen mirakulu bat, gutxienez, euskara habitagarri bat lortu zelako 20 urteko tartean. Eta, horregatik, nobela hau [Leturiaren egunkari ezkutua] ez dago euskara batuan, baina hurrengoa bai».
Pantaila erraldoia
Sarrionandiak ez ezik, kulturgileak, kirolariek zein ordezkari politikoek ere hartuko dute parte irakurraldi jarraituan, eta, haiekin batera, euskara ikasten ari diren ehunka ikasle ere izango dira tartean. Horrez gainera, munduko hamaika txokotako 50 euskal etxeetako ordezkarien bideoak ere tartekatuko dituzte saioan. Antzokiaren kanpoaldean pantaila handi batekin jarraitu ahalko du jendeak irakurraldia, eta Eitb-ren webgunean ere zuzeneko emanaldia eskainiko dute.
Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren babesaz gainera, Laboral Kutxaren babesa ere izan du Bilbo Zaharra euskaltegiak guztia antolatzeko, eta 50 boluntarioko lantaldea izango dute lanean egun horretan.
Txillardegi Bilbon euskaldundu zela gogoratu du Arantza Camarero Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkariak. «Hark egindako ahalegina eredu izango da euskaltegiko gure ikasleentzat». Eta, gogoratu duenez, irakurraldi jarraituaz gainera, Txillardegiren lanari eskainitako beste bi saio ere antolatu dituzte aste honetarako. Edorta Jimenez eta Irati Jimenez izango dira bihar, esaterako, eta Joseba Sarrionandiaren eta Markos Zapiainen arteko solasaldia antolatu dute etzirako. Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan izango dira biak, 19:00etan.