Literatura

Joseba Sarrionandiak jasoko du Euskadi Literatur saria saiakeraren arloan

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez ez dagoela ados jakinarazi du. Sariari dagokion dirua "saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregulatu artean" atxiki egingo duela iragarri du. Epaimahaiak denborarekin klasiko bat bihurtu daitekeela iritzi dio.

2011ko urriaren 3a
16:53
Entzun

Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958) jaso du 2011ko Euskadi Literatur saria. Gaur goizean ezagutarazi dute erabakia, eta horren berri izan bezain laster Eusko Jaurlaritzak ohar batean adierazi du ez dagoela ados erabakiarekin. Moroak gara behelaino artean? liburuagatik saritu dute Sarrionandia, eta epaimahaiak ondokoagatik saritu du: "Edukien aldetik, oso ondo egitaratuta, ondo garatzen dira ideiak, formalki oso sendoa, lan handia, oso dokumentatuta. Originaltasuna, urteak pasako dira eta euskal kulturan klasiko bat bihurtu daitekeen lana. Ate asko zabaltzen dituen lana, kontsultarako ere baliagarria. Diskurtso ugaritasuna, eta era berean azpimarratzekoa ere bada pentsaera nagusitik kanpoko ikuspegi ezberdinak eskeintzeko ahalegina. Kultura aniztasunaren aldeko aldarria. Azkenik, edizio lan handia dago atzean, titulu sugerentea, argazkiz eta azalpenez betetako lana".

Jaurlaritzak bere oharrean dio errespetatzen duela epaimahaiaren irizpide askatasuna eta ez duela idazlearen literatur balioa zalantzan jartzen. "Dena dela, Eusko Jaurlaritzak, legea betetzeko eta terrorismoa irmoki arbuiatzeko daukan konpromisoarekiko koherentziaz, oztopo larriak ditu berak babesten eta diruz hornitzen duen saria horrelako pertsona bati eman dakion, hau da, ETA organizazio terroristako kide izateagatik kondenatua izan den, kartzelatik ihes egin duen, 1985az geroz leku ezezagunean den eta bere militantziaz sekula damutu ez den pertsona bati". Sariari dagokion dirua "saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregulatu artean" atxiki egingo duela iragarri du.

Gainerako sarien berri ere eman du Jaurlaritzak. Euskarazko literatura itzulpen saria Karlos Zabala Oiartzabalek jaso du, Zubi bat Drinaren gainean lanagatik (Elkar). Literatura lanaren ilustrazioaren atalean Iban Barrenetxeak jaso du Euskadi saria, Bombastica Naturalis lanagatik (A buen paso). Gaztelerazko saiakeraren arloan Iñaki Uriarte Cantollak izan da irabazlea, Diarios 1999-2003 lanagatik (Pepitas de calabaza).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.