Aspaldi argitaratutako artikuluak memoria hutsean gera ez zitezen, liburu bakar batean bildu ditu Josu Martinezek. Joseba Sarrionandiarenak dira idatzi denak, zinema kritikak gehienak, baina baita zenbait literatur kritika ere. Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980) izenburua jarri dio, eta Pamiela argitaletxearekin argitaratu du. Gaur egin dute aurkezpena idazleak, apailatzaileak eta orduko Zeruko Argia-ko zuzendari Elixabete Garmendiak, Donostiako Tabakaleran.Â
Baina testuingurua ulertzeko, urte batzuk gibelera joan behar da derrigor; 1977ra, zehazki. 19-20 urte zeuzkan Sarrionandiak, eta Jesuitetan ikusten zituen pelikulen kritikak bidaltzen hasi zen Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietara. Ez zeukan deus hitzartuta aldizkariekin, baina «asko» gustatzen zitzaion filmak ikustea, baita haien gaineko iruzkinak egitea ere. Halaxe gogoratu du idazleak: «Zinemaren bidez hasi zitzaigun mundua iristen, ordura arte ez genekien kanpoan zer gertatzen zen. Baina zinemak besteei gertatzen zitzaizkien gauzak ziren, inoiz ez ziren guri buruzkoak, edo guri gerta lekizkigukeen kontuak».Â
Franco hil ondotik hasi zen hori guztia aldatzen. Ordura arte, eta Francok hala aginduta, debekatuta zegoen Euskal Herrian zenbait pelikula ikustea. Hortaz, hura zendu ondotik hasi zen Sarrionandia pelikulak ikusten eta haien gainean idazten. «Gutxinaka-gutxinaka pelikula asko geneuzkan eskura, eta orduantxe hasi ginen ikusten filmetakoa ez zela beti besteei gertatzen zitzaiena», kontatu du. «Gizarte endredatua» ulertzeko modu bat zen beretzat, baina ikuspegi «utopiko» batekin. «Pelikulekin ulertzen genuen nolakoa zen gizartea, zer ari zen gertatzen eta zergatik ziren gauza batzuk hain aldrebesak». Baina irtenbide batekin amesten zuten, eta fikzioak horretarako bide ematen zien.Â
Garmendiak oroitu du «harrituta» geratu zirela Sarrionandiaren lehen kritikak jasotzen hasi zirenean. «’Baina nor da gizon hau?’, galdetzen genion elkarri». Izan ere, sinadurarik gabe bidaltzen zituen hasieran artikuluak. «Ez dakit nola baina azkenean jakin genuen Joseba zela, eta, idazten zuena hainbeste gustatzen zitzaigunez, bilera batera deitu genuen». Aldizkariaren egoitzan egin zuten, «Okendo 22an».Â
Hitzarmen bat adostu ondotik, astero-astero bidaltzen zituen zinema kritikak Zeruko Argia-ra, eta kazetariek «ilusio handiz» hartzen zituzten artikuluak. Garmendiak azaldu duenez, idazkera ez zen idazlearen ezaugarri berezi bakarra; umorea erabiltzen zuen maiz, eta edukia ere «sorpresaz betea» egoten zen beti. «Gu kazetariak ginen, baina dagoeneko idazle bat zen Joseba. Horri eutsi egin behar genion, ezin genuen galdu».Â
Alta, Sarrionandiak «lotsa pixka bat» sentitzen du orain, orduko idatziak irakurtzen dituenean. «15 urterekin alfabetatu ginen euskaraz, ezin baitzen lehenago egin, eta kritikak bidaltzen nituenean asko neukan ikasteko oraindik». Garmendiak aitzindaritzat dauka, halere.Â
Eta modu bertsuan ikusten du idazlea Josu Martinez liburuaren apailatzaileak ere. «Erreferente bat da niretzat, eta euskal zinemagintzan eta kulturgintzan ezinbesteko eragile bat». Kuban ezagutu zuten elkar, baina Martinezek ez zekien nor zen begien parean zuena. «Zinema eskolan ikasten ari nintzen, eta asteburuero joaten nintzen Habanara. Halako batean euskaldun bat topatu nuen, eta ordu erdi inguru aritu ginen zinemaz hitz egiten. Zera pentsatu nuen: ‘Nola daki hainbeste zinemari buruz?’. Gero jakin nuen nor zen Joseba Sarrionandia, eta norainokoa zen haren dimentsioa», erran du Martinezek.
Artikuluen bilaketa
Urte batzuk geroago, euskal zinemaren inguruko liburu bat idazten ari zen Martinez, eta hara non topatu zuen Kubako laguna. Paper artean zegoen oraingoan, eta zinema kritika forman. «Sorpresa» hartu zuen, eta aldizkarietan gibelera egiten hasi zen, noiz, zenbat eta zer idatzi zuen ikusteko.Â
1977tik 1980ra arte etenik gabe idatzi zuela ikusita, ohartu zen hura zela zinemari buruzko idatziak jarraitutasunez eta euskaraz idatzi zituen lehen idazlea. Koldo Mitxelena ere aritua zen lehenago horretan, Egin egunkarian, baina ez halako maiztasunez. Bilaketa sakona egin eta gero, eta materialen artean hautaketa egin ondotik, kronologikoki ordenatu ditu Martinezek kritikak; 66 pieza guztira.Â
Sarrionandiak, alabaina, bere burua bainoago, bertze idazle eta kazetari batzuk hartzen ditu aitzindaritzat, gaur aitortu duenez. «Niretzat aldizkarien buelta horretan ibiltzen zirenak ziren erreferenteak; Elixabete, Pilar, Lurdes... eta gero bestelako kontuak idazten zituztenak: Txema Larrea, Felix Ibargutxi, Ramon Saizarbitoria...». Haiei begira hazi dela kontatu du, harik eta 20 urteko etenaldia egin behar izan zuen arte. «Bi hamarkada pasatu nituen pelikularik ikusi gabe, eta ikasitako gauza asko galdu nituen bidean».Â
Apailatzailearen arabera, garai hartako gizartea eta garai hartako Euskal Herria nolakoak ziren ulertzeko modu bat da liburua;Â Joseba Sarrionandiaren leihotik mundua nolakoa zen ikusteko modu bat.