Joseba Tapiak hurrengo astean kaleratuko du 'Eta tira eta tunba' diskoa

Karlisten eta liberalen bertsoak musikatu ditu trikitilariak, haize instrumentuen laguntza bakarraz

Jon Eskisabel.
Donostia
2010eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Joseba Tapia trikitilariak datorren astean aurkeztuko du bere disko berria, Eta tira eta tunba (Zakurraren Biolina). Kantuak zuzenean aurkezteko pare bat emanaldi eskaini zituen uda aurretik, Usurbilen (Gipuzkoa) eta Larrabetzun (Bizkaia), baina orain arte ez da diskoa entzuteko aukerarik izan, Karlistaren panparroikeriak kantua salbu.

Berrikuntza handia dakar Tapiaren lan berriak, instrumentazioari dagokionez. Hain zuzen, haize tresnez osaturiko taldea erabili du lasartearrak bigarren gerra karlistako bertsoak musikatzeko. Gainera, bertsoak karlistenak edo liberalenak izan, musikari ezberdinekin egin du grabazioa. Karlisten taldea, nolabait esatearren, Iban Urizar (tronpeta), Ibon Irijoa (saxofoia), Asier Ituarte (tronboia), Ramontxo Vega (tuba) eta Jokin Irungaraik (jazpana) osatu dute; liberalena berriz, Filipe Aldako (tronpeta eta tuba), Alain Martineau (saxofoia), Mintxo Garaikoetxea (bonbardinoa) eta Jokin Irungaraik (jazpana). Inazio Tolosak (klarinetea) ere kolaboratu du diskoan, eta Tapiak berak sortu ditu doinu gehienak.

Lau urte diskorik gabe

Lau urte igaro dira Tapiak aurreko diskoa, Real Politik (Zakurraren Biolina), kaleratu zuenetik, eta ia hamar Agur Intxorta maite (Gaztelupeko Hotsak) egin zuenetik. Lan horretan ere gerrako kantutegira jo zuen, galtzaileen aldean kokatu zen Xabier Leturia pandero jotzailearekin ibilitako trikitilaria, baina gerra karlistako bertsoak musikatzerakoan «derrigorrean bi bandoetan egotea» egokitu zaiola azaldu du Tapiak, «bi aldeetan baitzeuden modernitatea eta tradizioa».

Irailean bertan hasiko da berriz Eta tira eta tunba zuzenean aurkezten. Hilaren 25ean Murgiako plazan (Araba) eskainiko du kontzertua, eta ondoren Elgetan (Espaloia kafe antzokian, urriaren 3an), Donostian (Lugaritz kultur etxean, urriaren 29an) eta Bartzelonan (Euskal Herria Sona jaialdian, azaroaren 6an) ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.