MUSIKA

Josetxo Ezponda hil da

Los Bichos taldeko abeslari eta burua izan zen, eta beste hainbat proiektutan ere hartu zuen parte.

mikel lizarralde
2013ko apirilaren 16a
15:23
Entzun

Aitzindari ez ezik, rara avis bat ere izan zen Josetxo Ezponda bere garaian. Euskal Herrian rock erradikala eta Iruñean "kaleko rocka" deitu zena nagusi zirenean, Ezpondak oso bestelako nahiak erakusten zituen. Lou Reed, Kim Salmon eta Captain Beefharten miresle, glam estetikaren jarraitzaile, Australiako rockari estuki lotua eta bere belaunaldiari aurreratua, artean Euskal Herrian oso gutxitan aipatzen ziren erreferentziekin osatu zuen bere mundua musikari nafarrak. Denborarekin Ezponda bera bilakatuko zen beste talde askoren erreferente nagusietakoa, nahiz eta gutxi iritsiko ziren haren nortasuna lortzera.

Los Bichos taldeak egin zuen ezagun, baina 70eko hamarkadaren amaieratik zeraman Ezpondak bere bide propioa egiten. Aurrena Tension punk taldean aritu zen, eta ondoren Neon Provosekin. 1987an, berriz, Los Bichos sortu zuen Charlie (gitarra) eta Asio (baxua) aspaldiko lagunekin. Hirurak Neon Provosen aritutakoak ziren, eta Fermin (bateria) gehitu zitzaien.

Los Bichosen ibilbidea laburra bezain intentsitate handikoa izan zen, eta hiruzpalau urtetan eman zuen eman beharreko guztia. Colour Hits (1989) eta In Bitter Pink (1991) diskoak kaleratu zituen, biak Oihuka diskoetxearekin, eta prentsa espezializatuaren aldetik oso harrera ona izan zuen, nahiz eta Euskal Herrian segitu zuen izaten talde nahiko ezezaguna. The Worst Around diskoa partekatu zuen beste hiru euskal talderekin (Cancer Moon, La Secta eta La Perrera), baina Los Bichosen emari diskografikoa ez zen gehiago handitu. In Bitter Pink kaleratu zuen urte berean, Ezponda bakarlari gisa ere estreinatu zen (My Deaf Pink Love), eta 1995ean jarraipena emango zion, orduan El Bicho izengoitiarekin (The Glitter Cobweb). 

Orain dela urte gutxi batzuk, Munster diskoetxeak Los Bichosen antologia osatu zuen disko liburu bikoitz batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.