Musikaria eta tresna (eta VI)

Jostailu zena arma bihurtua

Ines Osinaga trikitia jotzen «kasualitatez» hasi bazen ere, bere bizitzako zatirik garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da. Instrumentuarekin izandako harremanak gorabeherak izan ditu, baina orain «modu askean» dago hari lotuta.

Ines Osinaga bere trikitiarekin, Arrasaten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ines Osinaga bere trikitiarekin, Arrasaten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Arrasate
2025eko abuztuaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Natxo de Felipek Oskorriren Furra furra abestian zera aipatzen du: «Neure arma bakarra dut akordeoia». Ines Osinagak (Arrasate, Gipuzkoa, 1982) aitortu du beretzat trikitia arma ere badela, baina ez bakarra: «Bada nire armetako bat; kontatu nahi dudana kontatzeko, eta esan nahi dudana esateko». Trikiti bati lotuta ikusiko zuten askok eta askok, izan eszenatoki gainean —Gose taldearekin, adibidez— edo bestelako saioetan.

10 urte zituela hasi zen trikitia jotzen; «kasualitatez». Eskusoinua jotzen hasi zen Arrasateko musika eskolan, baina gurasoen lagun batzuen alabak pandero klaseetara joaten zirela ikusi, eta berak ere izena ematea erabaki zuen. «Horri esker deskubritu nuen musika eskolatik kanpora instrumentu bat ikas zitekeela». Izan ere, herrian Trikitixa Eskola dago, eta bertan, trikiti eta pandero klaseak ematen dituzte, musika eskolatik kanpo. Denborarekin, eskusoinua alde batera utzi, eta trikitiarekin hasi zen. Hasieratik ondo jotzen zuela du gogoan Osinagak, eskusoinuak emandako oinarria zuen eta. Hala ere, besteak beste solfeo klaseak jasotzeko, musika eskolan jarraitu zuen.

«Gogoratzen naiz asteko nire momenturik gogokoena zela klasera joatea»

Trikitixa Eskolan hasi eta segituan, kalera ateratzen hasi zen musikaria: izan kalejiretan, herriko festetan, txapelketetan... Maixa Lizarribar izan zuen irakasle —Maixa eta Ixiar taldeko trikitilaria—. «Gogoratzen naiz asteko nire momenturik gogokoena zela klasera joatea». 17:00etan eskolara joan, eta 21:00ak arte hantxe egoten zen Osinaga beste lagun batzuekin, harik eta Lizarribarrek etxera joateko esaten zien arte. Etxean ere, Osinagaren «plan perfektua» trikitia jo eta jo aritzea zen: «Txikitako nire jostailurik gogokoena zela gogoratzen dut».

Nerabezaroa iristean, ordea, beste gustu musikal batzuk gailendu zitzaizkion. Rock-and-rollarekin probatzen hasi zen, trikitiarekin «guztiz aspertuta» zegoelako. Leku guztietan jotzen zuela kontatu du Osinagak, eta horregatik hartu zuen trikitia tarte batez albo batera uzteko erabakia. Lizarribarrek klaseak ematera joan ezin zuenean, bera joaten zen, eta, pixkanaka, irakaskuntzan sartzen hasi zen. Aitortu duenez, horrek instrumentuarekin zuen loturari eusten lagundu zion garai hartan. Unibertsitate garaian ere jarraitu zuen Trikitixa Eskolan klaseak ematen, eta Aretxabaletako (Gipuzkoa) musika eskolan ere aritu zen, besteak beste. Nahiz eta duela lau urte inguru utzi zuen irakaskuntza —gaur egun sorkuntza lanetan aritzen da—, bizipen oso onak eman dizkiola esan du, eta oso oroitzapen onak dauzkala.

Erreferenteak

Irakasle izateaz gain, Lizarribar trikitiaren munduan erreferenteetako bat izan da Osinagarentzat: «Nik Maixa eta Ixiar ikusten nituenean, handitan haiek bezalakoa izan nahi nuen». Bere inguruan beste genero batzuetako erreferente musikalak izan zituen gaztetan —asko rock erradikalari lotutakoak—, eta sarritan sentitu izan zuen ezin zela haiek bezalakoa izan. Baina, urteen poderioz, aldatuz joan zen hori: «Nik uste nuen trikitia joz ezin nuela Negu Gorriak taldearen antzeko talde bat sortzearekin amestu. Baina gogoratzen naiz Negu Gorriak-en bira batean Tapia eta Leturiaren kontzertu bat ikusi nuela».

(ID_15068048) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2025-06-17, Arrasate. Ines Osinaga, musikaria
Ines Osinaga musikaria, Arrasaten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

2005ean sortu zuen musikariak Gose taldea, Iñaki Bengoa eta Jon Zubiagarekin batera. Trikiti doinuak musika elektronikoarekin uztartzen zituzten gehienbat, eta zazpi disko kaleratu zituzten taldea aktibo egon zen bitartean. Duela 20 urte bi genero horiek uztartzea «naturala» ez zela gehitu du, baina berak hasieratik argi zuela zer egin nahi zuen. «Ez dut esango garai hartarako zerbait aurreratua egin genuela, baina oraingo musika eszena ikusita zera pentsatzen dut: 'Nahiko nuke orain gazte izan!'». Gaur egun, plaza modu jasangarriago eta gozagarriago batean bizi daitekeela uste du.

«Nik uste nuen trikitia joz ezin nuela Negu Gorriak taldearen antzeko talde bat sortzearekin amestu»

Gosek «bide batzuk» urratu zituela uste du Osinagak. «Leku askotan sentitu nuen nirea zela bertara iristen zen lehenengo trikitia», gehitu du, Bartzelonako KGB aretoa eta Ameriketako Estatu Batuetako zein Japoniako areto batzuk gogoan hartuta. Jo eta jo ibili zen taldea aktibo egon zen bitartean. Kontzertu handiak ematea baino gehiago, kontzertu asko emateko helburua zutela aipatu du musikariak; gaur egun, ordea, hautu hori «zoramena» izan zela iruditzen zaio. Bere esanetan, ibilbidea hasi, eta segituan hasi ziren kontzertuak Euskal Herritik kanpo ematen; Espainian lehenik, eta munduko beste herrialde batzuetan gero.

Taldea sortu zutenetik bi hamarkada pasatu badira ere, gaur egun oraindik ere entzun daitezke haien kantuak, batez ere jai giroan. Esaterako, txosna batean Goseren abesti bat jarri, eta bera bertan badago, «barre txikia» ateratzen zaiola aitortu du Osinagak: «20 urteren ondoren oraindik gure musika jartzen dutela ikusita, iruditzen zait zerbait ondo egin genuela». Harro da egindako bideaz, batez ere, ez zelako erraza izan. Musikariaren hitzetan, trikitiaren munduan ohikoa ez zen estetika eta jarrera izaten zuten, eta sarritan jaso zituzten euren lanaren kontrako iruzkinak.

 

Musikari, ez trikitilari

Trikitia asko jotako garaiak pasatu dira, eta, orain, beste leku batean da musikaria: «Ez dut asko jo nahi, ondo jo nahi dut. Ondo ez diot exijentziari dagokionez, nahi dudan lekuetan jotzeagatik baizik». Hainbeste urteren ondoren, instrumentuak ofizio bat eman diola uste du, eta oso eskertuta dago horrekin. «Musikari gisa nortasun bat garatzeko aukera eman dit. Ez nintzateke musikari bera izango gitarra jo izan banu».

Izatez, Osinagak ez du bere burua trikitilaritzat jotzen, musikaritzat baizik. Honako hau da arrazoia: «Ni ez naiz trikitilari izango, gaur egun trikitilari izatearen kanonak eztabaidan jarri arte». Bere ustez, urte askoan trikitilari izatea aurrez ezarritako estereotipo askori lotuta egon da, baina gaur egun horiek aldatzea lortu da, «badaudelako beste erreferente batzuk», haren esanetan: «Sunek [Josune Arakistain musikaria] esaten badu trikitilaria dela, eta hori bada trikitilari izatea, prest nago eztabaidatzeko ea trikitilari izan nahi dudan ala ez».

«Musikari gisa nortasun bat garatzeko aukera eman dit trikitiak. Ez nintzateke musikari bera izango gitarra jo izan banu»

Denbora askoan «trikitiaren motxila estereotipatutik» ihesi ibili dela onartu du, baina merezi duen balioa aitortzen dio instrumentuari orain: «Herri musikari lotutako instrumentu bat da, ez hain akademikoa, baserri mundutik datorrena...». Orain, ez du trikitia lehen bezainbeste jotzen, baina bere musikari ibilbidean oraindik oso presente dagoela esan du Osinagak. Beharretik hari lotuta egin beharrean, modu «askeago» batean lotuta dago orain.

«Trikiti honek hitz egingo balu...»

Ohikoa da trikitilariek trikiti bat baino gehiago izatea, funtzionaltasun kontuengatik batez ere —testuinguruaren arabera aukeratzen dute zein tonutakoa erabili nahi duten—, baina Ines Osinagak aitortu du ez dituela trikiti asko. Zero Sette markako Antiko trikitia da Osinagak elkarrizketarako aukeratu duena. Duela 25 urte erosi zuen; «garai hartan ez nintzen trikitia jotzeaz bizi, baina asko jotzen nuen». «Kapritxora» egindako instrumentua izan zen: ohiko afinazioaz gain —si bemolean dago—, afinazio berezi bat gehitu zion musikariak, eta itxura ere bere gustura egokitu zion. Bere lehenengo soinua saldu egin zuen hura erosi ahal izateko. 

Gose taldearen kontzertu guztietan erabili zuen, eta porru eginda dagoela esan du; «tailerrera eraman behar dut», gehitu du barre artean. Nahiz eta dituenetatik txukunena ez izan, bereziena da harentzat: «Kilometro asko egin ditugu elkarrekin». Kilometro asko, eta milaka istorio —«trikiti honek hitz egingo balu...», esan du aho txikiarekin—. 

Esaterako, behin, Bartzelonan eman zuen kontzertua taldeak, eta aretoko kamerinoan ahaztuta utzi zuten. Taldekide bat bera ere ez zen konturatu gertatutakoaz, harik eta hurrengo astean zuten kontzerturako entseatzen hasi ziren arte: «Bat-batean burura etorri zitzaidan: 'Non dago soinua?'. Orduan konturatu ginen».

(ID_15068039) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2025-06-17, Arrasate. Ines Osinaga, musikaria
Ines Osinagaren trikitia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.