Joseba Manterola. Musikaria

«Jotzeko leku gutxiago daude, eta horrek biziki markatzen du eszena»

Hirukote lapurtarra da Don't Save The Queen rock taldea. 'Iritziak eta sentimenduak' diskoa kaleratu zuen orain hilabete gutxi, eta hamahiru kantak osatzen dute lana. Hainbat plataformatan jarri dute entzungai.

PATXI BELTZAIZ.
2023ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hiru abestirekin, maketa bat kaleratu zuten 2017. urtean, eta, ordutik sei urte igarota, Iritziak eta sentimenduak izeneko lehen lan luzea plazaratu du berriki Don't Save The Queen Hazparneko taldeak (Lapurdi). Rocka lantzen duen hirukote hori osatzen dute Joseba Manterolak —ahotsean eta baxuan—, Ñaño Trichinek —gitarran— eta Berdoofek —baterian—. Manterolaren hitzetan, «aztarna uzteko» asmoz osatu dute diskoa: «Bagenituen kantu batzuk gehiago, eta nonbait aztarna bat uzteko modua iruditu zitzaigun lan hau egitea». Lorratza uzteaz gain, publikoari eduki fisiko bat ere eman nahi izan diote kantuak grabatuta: «Bistan da publikoari ere emateko egin dugula, gure lana entzuleari zor diogulako».

Manterolak zehaztu du «aspalditik» dabilela hirukotea musikaren munduan: «Aspalditik ezagutzen genuen elkar; nik Berdoofekin beste talde batean jotzen dut, eta urteak dira Ñaño ezagutzen dudala ere». Azaldu du taldeak beste formazio bat izan zuela hasieran: «Baina aldaketak egon ziren, eta, azkenerako, erabaki genuen hobe zela hirukotea osatzea».

Oholtza gainean hiru izateak zailtasunen bat badu musikalki, baina ohituz joan dira taldekideak: «Hirukotean, norbaitek ziurtatu behar ditu kantari lanak jotzen duen bitartean. Hasiera-hasieran, soilik abestera nengoen ohituta. Baxua aspalditik jotzen dut, baina ez nengoen ohituta bi lanak batera egiten». Antolaketaren aldetik, aldiz, errazagoa egiten zaie hiru izatea: «Konplikazioa ez da hainbestekoa; abantailak ere baditu, eta, gero, beste aldea ere badu; gauza guztiek bezala».

Egungo eszenaren B aldea

Abestien hitzak egitea Manterolaren lana izaten da normalki, eta musika Trichinek egin ohi du: «Dena den, elkarlanean aritzen gara», zehaztu du taldeko abeslari eta baxu jotzaileak. «Ni saiatzen naiz batzuetan testuak osatzen musika baten gainean. Hala ere, ez dago oso pentsatua; baldin eta testu bat idatzia badut, saiatzen gara hori kokatzen musika baten gainean». Hots, molde batean zein bestean aritu izan direla. «Biak egin izan ditugu: testuak musikan sartu, edo haren gainean moldatu, aurreikusmolderik gabe».

Manterolak aitortu du kontzertuak lortzea dela Don't Save The Queen taldeak gaur egun duen zailtasun nagusia: «Egin genuen kontzertu bat joan den maiatzean, Kanbon [Lapurdi]; eta, orain, kontaktuak eskuin-ezker bidaltzen ari gara, kontzertuak lortzeko. Hori baita gure azken helburua: lokaletik ateratzea. Kontzertuak zuzenean ematea baita betidanik gustatu izan zaiguna».

Rocka zabala da bere hizkuntza guztietan, eta Euskal Herrian ere «asko» entzuten dela iruditzen zaio Manterolari. Baina izan da aldaketarik eszenan urteotan, nabarmendu duenez: «Gure gazte aroan, kontzertuak edozein baldintzatan egiten ziren, edozein lekutan. Horixe desagertu da. Baldintzak hobeak dira, baina leku gutxiago dago, eta horrek biziki markatzen du gaur egungo rockaren eszena».

Inspirazioa ez da beti nahieran heltzen, baina entzuleari bidea irekita uztearen alde mintzatu da Manterola, hark bere interpretazioa egin dezan: «Hari bat lortu, eta horrekin baliteke zerbait egitea, ikusteko zer ateratzen den. Nahiago dut ateak zabalik utzi entzuleari ere, bere interpretazioa egin dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA