Joxan Lizarribar zenari omenaldi hunkigarria egin diote Andoaingo Bastero kulturgunean. Eneko Olasagastik zuzendurik, Zenbat aulki huts bete ikuskizunak musika, literatura eta argazkien eta bideoen proiekzioa batu ditu. Bastero aretoa goraino bete da, gonbidapen guztiak amaituak zirelako. Nolanahi ere, ETB1ek emanaldia grabatuko du, eta larunbatean eman, 21:00etan.
Zuzeneko emanaldiak betetzen ari dira oholtza, baina, gainera, Lizarribarren lagunen hitzaldiak, aurkezpenak eta bideo zein argazki proiekzioak tartekatuko dituzte.
Jean Mixel Bedaxagarrek hasi du, Goizean argia hastean kanta a cappella abestuz, eta Belatxarena ere interpretatu du. Eszenan agertu dira gero Argia dantza taldeko kideak. Haiek ez ezik, Ertizka abesbatzakoek ere parte hartu dute ikuskizunean, baita Arkaitz Mendoza piano jotzaileak ere. Harekin batera arituko da, hiru abestitan, Ainhoa Arteta sopranoa, Lizarribarren lagun mina zena. Kirmen Uribek, Bingen Mendizabalek, Rafa Ruedak eta Mikel Urdangarinek ere ikuskizun berezia egin dute.
Aurkezpenak eta hitzaldiak eman dituzte, berriz, Lizarribarren hamaika lagunetako batzuek; Kelsen haren enpresako Andoni Mendiola lankideak, esaterako. Joanmari Larrarte BERRIA Taldearen izenean mintzatu da, eta Harkaitz Cano idazleak eta Jaime Otamendi kazetariak Lizarribarrekin hilabetero Donostiako Morgan jatetxean egiten zituzten afariak gogoratu dituzte. Lander eta Laida seme-alabak ere igo dira Basteroko agertokira.