Beñat Iturrioz eta Xabier Padinen Joxean's hil eben izango da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen historian Sail Ofizialean ematen den lehen euskarazko film luzea. Lehiaz kanpo emango dute Tomas Zumalakarregi jeneral karlistaren berpiztea abiapuntu duen filma.
Orotara 22 film luze eskainiko ditu jaialdiaren Sail Ofizialak, horietatik 20 lehian eta beste bi lehiaz kanpo. Film laburren Sail Ofizialean, berriz, 14 film lehiatuko dira. Ohiko sailez gain, aurten, jaialdia 25. ekitaldira iritsi dela ospatzeko, 24 Aste Geroago saila ere eskainiko du jaialdiak, orain arteko 24 ekitaldietako film hautatuekin osatua .
Urriaren 25ean jarriko da abian Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, 19:30ean; ez ordea film baten emanaldiarekin, BehobiaZ zonbien lasterketarekin baizik. Donostiako Bulebarreko kioskoan hasiko da lasterketa, eta aurretik, 16:00etan hasita, makilatzeko zerbitzua izango da lasterketan parte hartu nahi dutenentzat.
Sail Ofiziala Esteban Roel eta Juanfer Andresen Musarañas filmak inauguratuko du, eta Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarra emanaldian izango da, ekoizpen taldearen ordezkari gisa. Jaialdia azaroaren 1ean amaituko da.