Oñatin (Gipuzkoa) jaio zen Juan Carlos Irizar, 1951. urtean. Sorterrian solfeoa, akordeoia eta txistua ikasten hasi, eta pianoarekin eta organoarekin jarraitu zuen gero. Donostiako kontserbatoriora jo zuen ikasketak osatzeko, eta, gero, Madrilera, konposizioa amaitzera. Arlo horretan are gehiago sakontzeko, Pauen ikastaro bat egin zuen, eta bertan hasi zen orkestra zuzendaritza ikasten. 1980. urtean, Erromara joan zen, Santa Zeziliako akademian orkestra zuzendaritza eta musikaren pedagogia ikastera. Eta arlo horietan guztietan egin zuen lan bere ibilbidean.
[YouTube]https://youtu.be/R4meu8KUr3M[/YouTube]
Hainbat orkestra gidatu zituen, hala nola Bartzelonako Liceukoa, Paueko kontserbatoriokoa eta Erromako Santa Zezilia akademiakoa. Abesbatzak ere zuzendu zituen; besteak beste, Donostiako Schola Cantorum eta Galdakaoko Zaletasuna, eta Arrasateko Aita Menni erietxe psikiatrikokoa, baita azken horretan musika-terapia jorratu ere. Halaber, hainbat herritako musika bandak zuzendu zituen, hala nola Gasteizkoa, Zestoakoa, Getariakoa eta Galdakaokoa. Musika eskoletan ere jardun zuen irakasle, eta hainbat herritako organista ere izan zen urteetan.
[YouTube]https://youtu.be/0kSlCrdPzPI[/YouTube]
1981ean grabatu zuen bere lehen diskoa, eta, hortik aurrera, beste 35 lan inguru eman zituen piano eta orkestrarako musikarekin, musika erromantikoko eta instrumentaleko piezekin osatuak, batik bat. Baina, horiez gain, beste konposizio ugari sortu zituen, askotarikoak gainera: haurrentzako kantu ugari sortu eta grabatu zituen, film eta dokumentaletarako musikak, antzezlanetarako, ballet ikuskizunetarako, hainbat jaialditarako... Dozena bat partitura liburu ere plazaratu zituen.
[YouTube]https://youtu.be/uMH-oC-ZqMo[/YouTube]
Euskadi Irratia-k eman du haren heriotzaren berri.