Juan Garziak irabazi du Itzulpegintzako Euskadi saria William Shakespeareren Sonetoak euskaratzeko egindako lanagatik. Liburuan, Shakespeareren 154 poema itzuli ditu. Lanaren tamaina eta idazlearen meritua nabarmendu ditu epaimahaiak. Erronka handitzat hartu dute Garziaren ekina eta egina: “Langaia izugarria zen, eta itzultzailea, itsutu ez, eta indar betean aritu zaigu euskarara ekartzen”.
Zulaikaren Vieja Luna de Bilbao gaztelaniazko saiakerari dagokionez, epaiak adierazi du, “idazleak euskal modernotasuna berrikusteari ekin diola Bilbo hiriaren bitartez, ikuspegi biografikoa eta hurbilketa historikoa uztartuz, literatur eraginkortasun handiko testuan”.
Epaimahaiaren hitzetan, Lartitegiren lanak (El libro de la suerte) “xehetasun eta zehaztasunez betetako alderdi grafiko sendoa du, hitza eta irudia guztiz lotzen diren liburuan. Album bat da, eta formatu horrek eskaintzen dituen narrazio aukera guztiak baliatzen ditu.”.
Joan den astean iragarri zituzten gainerako ataletako irabazleen izenak. Mikel Peruarena Ansa izan da euskarazko literatura lanik onenaren irabazlea Su zelaiak nobelagatik, Joxe Azurmendik euskarazko saiakeraren saria irabazi du Historia, arraza, nazioa liburuarekin, eta Yolanda Arrietak euskarazko gazte literaturakoa Argiaren alaba-rekin. Peruarena Ansak uko egin dio sariari.