“Txostena positiboa da”, nabarmendu du gaur eguerdian Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta Donostia 2016 fundazioko lehendakariak, Europako Kultur Hiriburuen Jarraipen Batzordeak Donostia 2016ren proiektuari buruz argitaraturako txostenaren balorazioa egitean. “Zoriondu egin dute Donostia 2016, eta baita hiria ere”. Martxoan Donostia 2016ko ordezkariak Jarraipen Batzordeko kideekin bildu ziren, Bruselan, eta orduko elkarrizketan agertutako iritzi berberak agertu dituzte orain, txostenean, batzordeko kideek, Izagirrek azaldu duenez.
“Beren gomendioak ematen dituzte berriro ere, ohikoa izaten den bezala", aitortu du Izagirrek, "batez ere bi gai nagusitan: finantzazioa, azpimarratuz Espainiako Kultura Ministerioak ez duela zehaztu oraindik zer ekarpen egingo duen; eta produkzio zuzendaritzarik ez izateak sor ditzakeen arazoak, edo plantillan dauden langileen kopurua muritzegia izatea". Izagirrek uste du kontu horiek "zuzentzeko bideetan" daudela, eta balorazio orokorrak positiboa izan behar duela. "Bruselako txostena albiste ona da hiriarentzat”.
Espainiako Kultura Ministerioaren diru laguntza ez da izango —Donostia 2016ko fundazioaren patronatuak, ministerioaren beraren oniritzirik gabe, 2012an onartu zuen bezala— 11 milioi eurokoa, baina 4.200.000 eurokoa izatea espero dute, Izagirrek azaldu duenez, nahiz eta oraindik guztiz zehaztu eta ziurtatu gabe dagoen.
Laguntza pribatuen arloan, oraingoz behintzat, aurretik esperotako neurrira ez direla iritsi aitortu du Izagirrek. Laguntza pribatuetako asko oraindik guztiz erabaki eta ziurtatu gabe daudela esan du, oraindik ere ez delako plan orokor bat prestatu eta osatu. Baina arlo horretan ere lantaldea ekinean ari dela esan du, eta emaitza onak izatea espero duela.
Egun konpontzeko bidean dauden arazo horiek konponduko direla uste du, beraz, Izagirrek, baina horiek konpondu gabe ere ziur dago Donostia 2016 "arrakastatsua" izango dela. "Beharbada ez dira lortuko hasieran aurreikusitako laguntza guztiak, baina izango duen finantzazio publikoarekin arrakasta ziurtatua dago".
Horretan lagungarri izango dira Melina Mercouri sariarekin batera jasoko diren 1,5 milioi euroak. Europako Kultur Hiriburuen Jarraipen Batzordeak Donostia 2016ri sari hori emateko gomendioa egin dio Europako Batzordeari, eta, oker handirik ezean, Europako Batzordeak irailean emango dio sari hori Donostiari, orain artean kultur hiriburu izan diren hiri guztiei eman dien bezalaxe.