Artiumek ardatz hartu du Juana Cimaren «disidentzia afektiboa eta politikoa»

Artistak 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera sortutako lanen erakusketa bat zabaldu du museoak. Identitateari, generoari eta naturari «bazterretik» nola begiratu dion aztertu du.

Erakusketan jarri dituzten Juana Cimaren margolanetako bi. NURIA GONZALEZ
Erakusketan jarri dituzten Juana Cimaren margolanetako bi. NURIA GONZALEZ
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko otsailaren 27a
14:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artearen historiak isiluneak ditu; ahanzturak eta nahita lausotutako ibilbideak. Emakume askoren lanarekin gertatu izan den bezala, bazterrean geratu da urte luzez Juana Fernandez Cima artistaren jarduna ere. Orain, Gasteizko Artium museoak hutsune hori bete nahi izan du Juana Cima. Begirada disidente bat erakusketarekin. Artistaren atzera begirako bat da, baina baita haren «disidentzia politiko, afektibo eta existentziala» osotasunean irakurtzeko gonbita ere.

Cimaren artea, sorkuntzatik harago, bizitzaren eta pentsamenduaren arteko elkarrizketa gisa har daiteke. Kuban jaio zen, 1951n, baina gazte zela errotu zen Euskal Herrian, eta hamarkadetan, margolan eta instalazioen bidez, identitatea, generoa eta natura ulertzeko modu berriak aztertu zituen. Hori da, hain justu, erakusketaren hari nagusietako bat: nola bihurtu zuen artistak begirada pertsonala begirada politiko, eta nola disidentzia forma plastiko. Garazi Ansa BERRIAko arte kritikariak egin ditu komisario lanak. Bihar zabalduko dute bilduma, eta abuztuaren 30era arte egongo da ikusgai.

Margolanek, marrazkiek eta Artiumeko artxiboan gordeta dauden hainbat dokumentuk osatzen dute erakusketa. Bost arlotan antolatuta dago bilduma, artistaren ibilbide kronologiko eta kontzeptuala marraztuta: Bilbo. Desioaren eta aldarrikapenaren lehen lurraldea, Cimaren artea identitatearekin eta komunitateekin elkarrizketan jartzen duena; Ekofeminismoaren kontzientzia, naturari eta gorputzari lotutako gatazketan ardaztuta; Mediterraneoko uharteak eta nortasun mitikoak, bizitza eta tokia irudikatzeko modu berrien inguruan; Espiritualtasunaren ibilbidea, India eta budismoaren pentsamenduetatik abiatuta; eta Erretiroa mendian, artea bizitzako praktika bilakatu zuen garaiaren isla.

JUANA CIMA
Emakumeen arteko harremanak islatu zituen Cimak hainbat piezatan. NURIA GONZALEZ

1970eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran, Bilbo izan zen Cimaren lehen laborategia, eta garai hartako giro sozial eta politikoan— industria krisian, feminismoaren lehen olatuan eta sexu askapenaren eztabaidan— kokatu zuen bere jarduna. Hala, gorputza desirarako, zaurgarritasunerako eta aldarrikapenerako eremu bilakatuta ageri da haren margolan eta marrazki ugaritan, estereotipo idealizatu eta akademikotik urrun. 

Kolore biziak eta keinu adierazkorrak baliatuz, identitate lesbikoei eta emakumeen arteko harremanei ikusgaitasuna eman zien. Erakusketaren hasieran dago Familia? Lagunak? margolana; purpurina eta marrazki indartsuen bidez, egitura sozialen eta gorputzen arteko harremanen tentsioa irudikatzen du. Garai bereko beste keinu adierazgarri bat da Amets egoera loak hartuta. Lan horrek ametsei eta desirari lotutako espazio psikologikoen mapaketa egiten du, kolore fluoreszente eta keinu psikologikoekin.

1990eko hamarkadatik aurrera, Cimaren margolan eta marrazkiek bestelako sakontasuna hartu zuten, natura, paisaia eta gorputza elkarri lotuaz. Nerbioi ibaiaren ertzekin, mendiekin edo Mediterraneoko iruditeriarekin, memoria eta gatazka kolektiboen mapa bat osatu zuen hala. Delika lanean, adibidez, Nerbioi ibaia irudikatu zuen mihisearekin, harriarekin eta harearekin. Emakumeen zapalkuntza eta lurraren ustiapena ere ageri dira haren margolan eta eskulturetan; esaterako, Ama handia piezan.

Azkeneko lan urteetan, berriz, espiritualtasunera jo zuen, eta Indian egindako egonaldiek eta pentsamendu budistaren inguruko interesak isla izan zuten haren obretan. Bahubaliko gizona eta Kali obrak dira horren lekuko —oihalaren edo taulen gainean margotuak—, baita Yoni-Lingamo ere —harrian kolore biziz margotua—.

Artiumeko artxiboan gordeta dauden artistaren hainbat dokumentu ere ikusgai jarri dituzte — marrazki, ohar, idazki pertsonalak...—, eta haien bitartez are hobeto uler daitezke Cimaren begirada eta ahots disidentea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.