Juanjo Menaren orkestrak ekin dio Kursaaleko programa sinfonikoari

BBC Philarmonic orkestra lehen aldiz izan da Musika Hamabostaldian, Juanjo Mena zuzendari gasteiztarrarekin. Bigarrenez ariko da gaur, Donostiako Orfeoiarekin

BBC Philarmonic orkestra, atzoko saioan, Juanjo Menaren zuzendaritzapean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
«Juanjo Mena eta Asier Polo ezin dira ulertu Musika Hamabostaldirik gabe», Menak berak esan du. Gaztetan klasikoko musikari ibilbidea hasi zutenetik, gertutik bizi izan dute jaialdia, hala Menak (Gasteiz, 1965), nola Polok (Bilbo, 1971). Erresuma Batuko BBC orkestrako zuzendaria da egun Mena, eta aurreneko aldiz izan da bart orkestra horrekin Hamabostaldian. Hector Berliozen Sinfonia fantastikoa eta Edward Elgarren Biolontxelorako kontzertua lanak interpretatu dituzte, eta azken horretan jo du Polo biolontxelo jotzaileak.

Horrekin hasi da Kursaaleko egitarau sinfonikoa, eta BBC orkestraren bigarren emanaldiarekin jarraituko du gaur; Ludvig van Beethovenen Fidelio operaren kontzertu bertsioarekin. Iluntzeko zortzietan izango da, baina sarrerak amaituta daude, duela zenbait astetatik.

Pozik azaldu dira Polo eta Mena Hamabostaldian bueltan izateaz. Beren hasierak gogora ekarrita, jaialdiak musikari gazteei eskaintzen dien plaza nabarmendu dute. «Belaunaldi positibistakoak gara gu; dena egiteko, deskubritzeko irrika zegoen garaian sartu ginen musikan, 1980-1990eko hamarraldietan. Eta hau bezalako jaialdiek onartu egiten zituzten gure hasieratako proposamen ero haiek. Agerikoa da orduko energia hura hemen dagoela oraindik». Hasiera haietatik gaur arte, musikari gisa, «bakoitza bere aldetik, baina, paraleloan» hazi direla gaineratu dute.

Atzokoan, Elgarren Biolontxelorako kontzertua jo zuen Polok, Menaren batutapean. 1919an konposatutako obra, izenburuak aurreratzen duenez, biolontxelo jotzaile batentzako «obra ideala», Poloren esanetan. Elgar erromantizismoko konpositorea zela, eta, beraz, «obra oso lirikoa, barrurakoa, eta zinez adierazkorra» dela azaldu du. Horren ondotik, Berliozen Sinfonia fantastikoa lan ezagunarekin osatu zuten atzoko kontzertua; Menarentzat, udako festibal baterako «ezin aproposagoa».

Gaur, 'Fidelio' Orfeoiarekin

Kontzertu moduan jotzeko moldatu duten opera da gaur BBC Philarmonic orkestrak joko duen Fidelio. Beethoovenek idatzi zuen opera bakarra da, 1814an estreinatua. Zera kontatzen du: Leonora, Fidelio izeneko kartzela zaindariaz mozorrotzen da, eta arrazoi politikoengatik preso dagoen Florestan senarra askatzea lortzen du. Diotenez, gizakiaren askatasuna eta itxaropena aldarrikatu nahi izan zuen Beethovenek.

Abeslari indartsuak behar dituen obra da, baina abesbatzak ere rol garrantzitsua betetzen du. «Ankerkeriaren menpe dagoen gizateria zapaldua» irudikatzen du sinbolikoki abesbatzak, eta zatirik gorenenak gorde zizkion, horregatik, konpositoreak. Donostiako Orfeoia egingo da horren kargu.

Duela bi aste Londresko Promsen izan zen orfeoia orkestra britainiarrarekin, eta harrera «ikaragarri ona» izan zela aipatu dute. Menak zehaztu duenez, «hemen ohituta gaude kantatzen —kalean, koroan, elkarteetan...— eta ahotsaren distiran igartzen da, batez ere gizonetan. Donostiako Orfeoiak eta BBC orkestrak batera duten soinu kalitatea ez dago leku askotan».

BBCk duen sei orkestretako bat da Menak zuzentzen duena, naziortean prestigio handikoa. «Orkestrak berak bakarrik joko dezake ia, zuzendariaren beharrik gabe. Nahi duena orkestraren aurrean jar daiteke zuzentzen, batuta hartuta erraz emango du itxura», esan du brometan. Bera bakarrik ez, orkestrako kideak «liluratuta» daudela aipatu du: «Ez dakizue ze energia ematen duen eguzkiak. Baldintza guztiak alde ditugu musika ona eskaintzeko eta jaialdiari emandako guztia itzultzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.