Antonio Balduínok entzun eta ikasi egiten zuen. Huraxe zen bere ikasbide probetxuzkoa. Berak eta morroko gainerako umeek zuten eskola bakarra. Hartan hezi eta hartan aukeratzen zituzten beren karrerak. Karrera bitxiak, morroko semeek zituzten haiek. Eskola askorik behar ez zuten karrerak: pikaro, bazter-nahasle, lapur. Bazen beste karrera bat ere: fabriketako, landetako, ogibide proletarioetako esklabutza. Antonio Balduínok entzun eta ikasi egiten zuen.
NOBELA (ZATIA)
Itzulpena: Valentin Olaetxea.
Jatorrizko hizkuntza: portugesa.
Itzulpenaren argitalpena: Ibaizabal (Literatura Unibertsala bilduman), 1997.
Azalpena: Abuztuaren 10ean ehun urte izango dira Jorge Amado brasildar idazlea jaio zela. Bahia eskualdeko kakao etxalde batean jaio zen, eta errotik ezagutu zuen Brasilgo herri kultura. Jubiabá nobela da hark idatzitako lanen artean euskaratuta dagoen bakarra. Salvador de Bahiako gizon beltz txiro batek —Antonio Balduinok— txaman batekin dituen harremanak ditu kontagai nagusi. Nelson Pereira dos Santos zinemagileak nobela horrean oinarritutako filma estreinatu zuen 1986an, aktore nagusi Betty Faria, Charles Balano, Françoise Goussard, Grande Otelo, Raymond Pellegrin eta Zaza Motta zirela. Romances de bahia sailaren barruan argitaratu zuen Jubiabá Amadok, 1935ean; sail horretakoak dira, baita ere, O pais do carnaval (1931), Cacau (1933) eta Capitães da areia (1937). Egilearen beste obra ezagun batzuk Terras do sem fim,Gabriela, cravo e canela, Dona Flor e seus dois maridos eta Tenda dos milagres dira. 2001eko abuztuaren 6an hil zen, 89 urte betetzeko lau egun falta zitzaizkionean.
Literatura. Pasarte hautatua. Jorge Amado
'Jubiabá'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu