Juergen Habermas filosofoa hil da, 96 urterekin

XX. mendeko ahots intelektualik nabarmenenetako bat izan da. 1981ean plazaratutako 'Komunikazio ekintzaren teoria' da haren lan nagusia. Nafarroako Unibertsitatearen Jaime Brunet giza eskubideen aldeko saria jaso zuen 2009an.

Juergen Habermas filosofo alemaniarra, 2012an. MARTIN GERTEN / EFE
Juergen Habermas filosofo alemaniarra, 2012an. MARTIN GERTEN / EFE
itziar ugarte irizar
2026ko martxoaren 14a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako pentsamendu politiko eta filosofikoaren figura zentraletako bat izan da Juergen Habermas: demokraziari, eztabaida publikoari eta arrazoiak gizarte modernoan betetzen duen lekuari buruzko gogoetek egin zuten ezagun. 1981ean argitaratutako Komunikazio ekintzaren teoria da haren lanen artetik eragin handiena izan duena, eta haren ideiek oihartzun zabala izan dute, baina kontrakotasunak ere piztu izan ditu. 1929an jaio zen, Alemaniako Dusseldorf hirian, eta Starnberg-en hil da, gaur, iragan mendeko pentsalari ospetsuenetako bat izan dena, 96 urte zituela.

Frankfurteko Eskolari estu lotuta dago Habermasen izena —bigarren belaunaldiko kide izan zen—. Etika eta filosofia politikoari buruzko lanekin nabarmendu zen lehen urratsetan, eta Karl-Otto Apel izan zuen hurbileko bidelagun orduan. 1956tik 1959ra, berriz, Theodor W. Adorno filosofoarekin lan egin zuen eskuz esku, eta Max Horkheimerrek Frankfurteko Unibertsitatean utzitako lekua hartu zuen azkenik, 1964an, ordurako jada bere belaunaldiko intelektual nabarmenenetako bat bilakatuta.

Urte horien hastapenetan, 1953an, oihartzun berezia lortu zuen Heideggerren inguruan idatzi zuen artikulu batekin. Heideggerrekin pentsatu Heideggerren aurka izena jarri zion, eta nazionalsozialismoa berrezartzen saiatzeagatik kritikatu zuen filosofoa. Publiko zabaleko egunkari batean argitaratu zuen testua, eta hurrengo urteetan ere segituko zuen horretan, askotariko artikuluak argitaratzen alemanezko eta beste hizkuntza batzuetako hedabide izendunetan.

Haurtzaroa Gummerbach-en igaro zuen pentsalariak, Koloniatik gertu —haren aitak Industria eta Komertzio Ganbera zuzentzen zuen han—, eta Hitlerren Gazteetan izena emanda egon zen. Inoiz ez zen iritsi gerran parte hartzera, baina maiz aipatu zuen erregimen naziaren testigu izateak arrasto sakona utzi ziola, eta zuzenean eragin demokraziaren aldeko konpromisoa hartzeko erabakian.

Ezagutza eta ekintza

Eremu publikoaren egiturazko eraldaketa. Izenburu hori eman zion filosofoak bere lan nabarmenetako bat bilakatuko zenari. Debate publikoaren bilakaera eta gainbehera aztertu zituen orduan, eta «eremu publikoa» esplikatzen saiatu zen; herritarrek auzi komunen inguruan eztabaidatzeko eta iritzi publikoa eratzeko duten espaziotzat definitu zuen. Haren esanetan, edozein motatako bortxatik salbu egon behar luke eremu horrek, eztabaida arrazionalak botere politikoarengan eragina izan dezan. Garai hartakoak dira nazioartean proiekzio zabala eman zioten beste bi lan ere: Ezagutza eta interesa (1968) eta Zientzia eta teknika ideologia gisa (1968).

Europako beste hainbat tokitan bezala, urte mugarria izan zen 1968a Alemanian ere. Ikasle mugimenduaren eskutik sortutako protesta giroarekin bat egin zuen Habermasek hasieran, baina berehala egin zuen talka mugimenduko beste ordezkari batzuekin; «indarkeria onartezina» antzeman zuen zenbait ekintza modutan, eta «ezkerreko faxismotzat» izendatu zuen «erradikaltasun» hura. Ekintza zuzenaren aurrean, demokrazia parlamentario eta instituzionala defendatu zuen hark.

1971n Starnberg hirira lekualdatu zen, eta Max Planck institutua zuzendu zuen 1981. urtera arte. Azken urte horretan argitaratu zuen, hain justu, bere obra nagusia: Komunikazio ekintzaren teoria. Gizarte demokratiko batean sakontzeko teoria gisa landu zuen, eta egiazko arrazionaltasunak oinarrian elkarrizketa izan behar duela defendatu. Bitartekoak hizkuntza izan behar duela azaldu zuen —eta ez hertsadura edo interes propioa—, eta helburuak, berriz, argumentuen bidez akordio batera iristea. Besteak bestek, komunikazio ekintza eta ekintza instrumentala bereizi zituen horretarako, baita beste bi kontzeptu hauek ere: bizitzaren mundua —eguneroko elkarbizitzaren espazioa, kulturarena— eta sistema —egitura ekonomiko eta burokratikoarena—.

1983an, Frankfurtera bueltatu, eta Filosofiako katedraren ardura hartu zuen ostera, 1984an lan akademikotik erretiratu zen arte. 

Estimatua bezain kritikatua

Ekarpen akademikoez harago, eztabaida publikoan ere oso presente egon izan da Habermas, eta are ezagunago egin du horrek haren ahotsa: unean-unean iritzi publikoa astindu duten askotariko auzien inguruan iritzia eman izanak. Europaren eraikuntzaz, gizarte modernoetan erlijioek duten zeresanaz eta zientziarako etikaz hitz egin izan du, beste hamaika auziren artean, eta erreferentziazko intelektual bat izaten segitu du azken urteetan ere, bai Alemanian eta bai Europan. 2008ko krisiaren testuinguruan, esaterako, irmo gaitzetsi zuen «sistemaren porrota» gizarteko sektorerik ahulenei ordainaraztea. «Politika da, eta ez beste ezer, guztien ongiaren norabidearen arduraduna», adierazi zuen. Komunikazioaren alorrean, sare sozialek ekarritako aldaketen inguruan, berriz, kezka agertu zuen. «Sutzen nauena zera da: historiako lehen komunikabide-iraultza da helburu ekonomikoei egiten diena men, eta ez kulturalei».

Pentsalari orok bezala, haren ideiei aurka egin diotenak ere izan ditu Habermasek. Kontsentsuan gehiegizko konfiantza jartzea kritikatu izan diote, baita komunikazioaren teoriekin gatazka materiala bigarren mailan uztea ere. Pentsalari dekolonialek, halaber, seinalatu dute haren komunikazio ekintzak unibertsal gisa aurkezten dituela Mendebaldeko balioak, Europako tradizio ilustratuan lekurik izan ez duten bestelako arrazoiketa modu batzuk gutxietsita. Ezkerretik iritsi zaizkio kritika horietako asko, bada, Habermasi; Judith Butlerren, Nancy Fraserren eta Raul Zeliken eskutik, besteak beste —Jule Goikoetxea filosofo eta idazleak ere haren zenbait ideia kritikatzen ditu Politeismo bastarta nobelan—.

2009an Iruñean izan zen Habermas, Nafarroako Unibertsitatearen Jaime Brunet giza eskubideen aldeko saria jasotzen. Demokraziaren eta arrazoiaren arteko tenkaz aritu zen orduan ere, giza eskubideen idealaren eta errealitatearen artekoaz. «Ez da erraza anbibalentzia horri neurria hartzea», esan zuen. «Tolesgabeki ildo idealistaren alde apustu egiteko tentatuta senti gaitezke, edo errealista ziniko eta ikaragaitz bilakatzeko». Tartean kokatu zen bera, optimismo demokratikoaren defentsan. «Onartu zirenetik urratu dira giza eskubideak, baina baita maiz berretsi ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA