Izar handiek sortzen duten ikusmina piztu zuen atzo Julia Roberts aktore estatubatuarrak Donostian. Iluntzeko bederatziak inguruan iritsiko zela zegoen iragarrita, baina arratsaldeko lehen ordutik jende andana zegoen bilduta Maria Cristina hotelaren inguruan, aktorea noiz ailegatuko zain.
Bederatziak pasatxo zirela iritsi zen Roberts Maria Cristinara, auto dotorean, eta irribarre zabalarekin egin zuen ataritik hotelera bitarteko bidea, begiak eguzkitako betaurrekoekin estalita bazituen ere. Bildutako jendea agurtu bai, baina ez zen askorik hurbildu, eta ez zuen sinadurarik eman. Aktore estatubatuarra baino zertxobait lehenago Javier Bardem aktore espainiarra ailegatu zen -azken filma elkarrekin egin dute biek, Eat, pray, love-, eta hark bai, hark jarraitzaile ugari agurtu zituen eta sinadurak eman ere bai.
Nolanahi ere, Robertsek gaur gauean jasoko du Donostia Saria, Zinemaldiak ematen duen garrantzitsuenetakoa. 22:00etan izango da ekitaldia, Kursaalean.
Robertsek eta Bardemek elkarrekin prentsaurrekoa eman dute gaur arratsaldean. "Julia profesional bikaina da, lan oso gogor egiten du eta izugarrizko ausardia dauka", esan du Bardemek. Robertsek adierazi du Donostia Saria jasotzea "ohorea" dela, eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei.
Estatubatuarrak ibilbide luzea du zineman, eta oraindik ere lan egiteko grina duela aitortu du. "Ez nago estankatua".
Gaur egungo gizarteari kritika egin dio, jendeak daukan portaeragatik. "Dagoeneko ez diogu elkarri begietara so egiten".
Donostiako Zinemaldia
Julia Robertsek aitortu du ohorea dela Donostia Saria jasotzea
Aktore estatubatuarra atzo iritsi zen Donostiara, eta ikusmin handia sortu zen Maria Cristina hotelaren inguruan. Gaur 22:00etako ekitaldian emango diote saria. Bideoan, Javier Bardem eta biak, gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu