1983an Londresko Granta literatur aldizkariak garai hartako narratibaren argazkia atera zuen. Tartean zeuden, besteak beste, Adam Mars-Jones, Julian Barnes, Ian McEwan, Martin Amis, Shiva Naipaul eta Kazuo Ishiguro. Ordutik, hamarkada berri bakoitzarekin, Granta-k etorkizuneko promesen panorama argitaratu izan du. Hasierako argazkitik hona asko aldatu da giroa: 80ko hamarkadako figura nagusiki gizonezkoa eta zuria zen, salbuespen batzuekin; azkeneko irudiak, berriz, kultur aniztasuna eta berdintasun handiagoa erakusten ditu.
1983ko argazkian lagun minak ere bazeuden. Martin Amisen eta Julian Barnesen arteko adiskidetasuna ospetsua izan zen, baina urte batzuk geroago plaza publikoan haserretu ziren. Arrazoiak pertsonalak eta profesionalak ziren aldi berean. Bi idazleen literatur agentea Barnesen bikotekidea zen, Pat Kavanagh. Amisek, bere garaiko rock-and-roll izarren modura, kontratu hobea lortu zuen Andrew Wylie superagentearekin, orduko milioi erdi inguruko aurrerakinarekin, eta horretarako Kavanagh baztertu zuen. Barnesi barkaezina iruditu zitzaion hainbeste zaindu zuen agentea uztea. Amisen aitzakia hortz guztiak aldatzeak sortutako gastua izan omen zen. Garai hartako prentsan Amisen hortzak ospetsu bihurtu ziren.
Amis hil zorian egon zen arte, bi idazleak urrun egon ziren; orduan, itxuraz, adiskidetu egin ziren. Amis hil ondoren, Barnesek aitortu du errukiturik hitzez bakarrik barkatu ziola, baina ez ziola benetan barkatu. Barkamena gorpuztu egin behar da, hitz hutsalak izan ez daitezen.
Azken nobela agur bikoitza
Orain, Barnes bera ere gaixo dago: minbiziarekin bizi da, etengabeko tratamenduan. Aurten bere azken nobela argitaratu du, Departure(s). Irakurleei egindako agur modura aurkeztu du, eta azken atala irakurleekin egindako elkarrizketa moduko bat da.
Departure hitzaren esanahi zaharretako bat heriotza da. Barnes gaztetatik heriotzarekin obsesionatuta bizi izan da. Askotan esaten da hipokondriakoak idazle finak direla; azken finean, fikziozko gaixotasunek kontalari apartak behar dituzte, Jane Austen, Marcel Proust eta Kafka, kasurako.
Bizitza osoa heriotzak izututa bizi izan arren, orain, zahar eta gaixo dagoela, bertigo gutxiago sentitzen du; hala ere, heriotzaren ideia oraindik ere izugarria iruditzen zaio. Bizitzaren aldeko eta heriotzaren kontrako kontabilitate lan moduko batean, azken liburu hibrido eder hau ondu du: maitasunaz, adiskidetasunaz, traizioaz, gaixotasunaz eta heriotzaz hitz egiten du, betiere literaturaren inguruan.
Ideien nobela laburra izan arren, pasarte bikainak eskaintzen ditu: frantses poesiari buruzko gogoeta zorrotzak (Mallarmeren Itsas haizea poemaren analisia, ihesaren ideiari lotua) eta Prousti buruzko saiakeraren antzeko atalak. Ironia finez dio Proust hainbeste aipatzen duela beti haren kontra idazteko. Barnes, nolabait, idazle frantses gisa mozorrotutako gentleman ingelesa da.
Memoriaren inguruko hausnarketa aparta ere bada liburua: esate baterako, nola bihurtzen diren lagunen oroitzapenak anekdota hil ondoren. Oro har, memoriaren sua nola mantendu aztertzen du. 2008an Pat Kavanagh hil ondoren Barnesek doluari buruz idatzi zuen gertutik eta edertasunez. Betidanik idatzi du memoriari buruz, eta azken lanean xeheki aztertzen du berriro.
'Deus ex machina' galdua
Literaturari buruzko literatura ere bada: panpina errusiarretan bezala, nobelaren barruan beste nobela bat dago. Barruko nobelako idazlea Julian da —bai, autofikzioaren lurraldean gaude—, eta Jean eta Stephen arteko maitasun istorioa kontatzen du. Hirurek Oxfordeko Unibertsitatean ezagutu zuten elkar gaztetan, eta berriro elkartzen dira zahartzaroan.
Hasieran, kontakizunak errepresentazio literarioaren etikari buruzkoa dirudi: idazlea, azken batean, traidorea da, besteen bizitzak lapurtzen baititu, Javier Maríasen antzera. Baina barruko narrazioa hori baino askoz gehiago da. Idazlea nolabait galduta dabilen deus ex machina bat da. Maitasun istorio arrunt baten bidez erakusten da bizitza misterio hutsa dela. Beti izango da zerbait ulertezina pertsonen arteko harremanetan.
Heriotzaz gain, jolasa eta detaile txikien garrantzia azpimarratzen ditu nobelak. Testua jostaria da heriotzaren aurrean. Heriotzaren tabua hausteko nahia ere badu, xede berarekin Oliver Laxeteren Sirat filmak heriotza ekartzen dio gizarte garaikide itsutuari, ars moriendi etengabe bat filmatuz. Barnesen nobela, ordea, kezka beretatik abiatu arren, modu sotil eta agnostikoan garatzen da, pertsonaien arteko harremanetan edertasuna irudikatuz. Azkenean ars vivendi moduko bat aldarrikatzen du ontsa hiltzeko.
Irakurleari esaten dion bezala: bizitza ez da, erlijioak dioenaren kontra, amaiera zoriontsua duen tragedia; baizik eta amaiera tragikoa duen fartsa bat edo, onenean, amaiera tristea duen komedia arina. Gyorgy Ligeti musikari hungariarraren Le Grand Macabre operaren antzekoa da Barnesen azken liburua: tragediatik fartsara eta komediatik tragediara doan mugimendua.
Azken atalean, Barnesek irakurlegoa agurtzen du. Urteetako harreman intimoari amaiera ematen dio. Idazlearen eta irakurlearen arteko harremana kafe baten bueltan izandako elkarrizketa baten modura deskribatzen du. Eta Barnesen azken nobela bizitzari buruzko bere azken hitza izango ote da? Denborak esango du.