Gaur egun foku dirdiratsuetatik urruti eta musikaren bigarren mailako errepideetan mugitzen bada ere, Juliana Hatfield (Wiscasset, AEB, 1967) pop alternatiboaren ikono izan zen orain dela hiru hamarkada, 1990eko hamarraldiaren erdialdean, etiketa hori bere garairik indartsuenean zegoenean. Garai hartan ezagutu zuen arrakastaren loria, My Sister kantuarekin rock alternatiboko zerrendetako lehen postura iritsi zenean, eta The Lemonheadsekin kolaboratzen hasi eta musika agerkarien azaletan Evan Dandorekin agertzen zenean.Â
Urte haietako zurrunbiloa igarota, Hatfieldek diskoak grabatzen segitu du, eta horietako azkena da Lightning Might Strike, amaitu berri den urtearen hondarrean argitaratutakoa. Hatfieldek berak aitortu du garai gogor baten ondorioa dela diskoa, hura idazten hasi baino lehen lagun bat eta zakurra hil baitzitzaizkion, eta amari minbizia diagnostikatu baitzioten: «Gainera, hiritik baso batean bakartutako etxe batera lekualdatu nintzen, eta, bat-batean, bakarrik nengoen, inor gabe». Horrek guztiak bete-betean eragin zion: «Nerbio krisi luze eta motel bat pasatzen ari nintzela sentitu nuen».
Lightning Might Strike-k depresio garai horren testigantza dakar, baina diskoa sasoi zail horretatik ateratzeko prozesuaren isla ere bada neurri berean. Izan ere, kantuetako askok istorio bat kontatzen dute: lagun baten heriotzak eragindako saminaz mintzo da Ashes, urteetan ondoan izan zuen zakurraz Constant Companion, amaren gaitzaz Scratchers... eta une jakin batzuetan izandako sentimenduez ari dira beste hainbat pieza. Hatfield: «Long Slow Nervous Breakdown depresioak jota igaro nuen urteaz hitz egiten du; Harmonizing With Myself-ek, bakarrik sentitzeaz, eta Where Are You Now-k, berriz, egoera horretara nola iritsi nintzen kontatzen du».
Melodia argitsuakÂ
Diskoa zeharkatzen duten gaiek besterik iradokitzen badute ere, Lightning Might Strike pop disko argitsua da melodiei eta konponketei dagokienez. Hatfieldek beti izan du lelo atseginak egiteko ahalmena, eta haren azkeneko diskoan nabarmena da hori, Fall Apart-ek eta batik bat Popsicle-k erakusten duten moduan. «Popsicle-n hitzak oso ilunak dira, baina, era berean, esperientzia dibertigarria proposatzen du. Jendeak ez badio kantuen iluntasunari aurre egin nahi, kanta ditzake eta tarte polit bat igaro».
Hiru hamarkada hauetan, disko ugari argitaratu ditu Hatfieldek, eta azkeneko urteetan artista jakin batzuen kantuen bertsioez osatutako lanak ere kaleratu ditu. Hain zuzen ere, Olivia Newton-John, The Police eta Electric Light Orchestrari eskainitako diskoak plazaratu ondoren, jakinarazi du hurrengoak R.E.M. taldea hartuko duela oinarri.