Julio Le Parc eskultorea hil da

Arte optikoan eta zinetikoan aitzindari izan da Le Parc, eta argia, kolorea eta mugimendua ziren haren obretan ardatz nagusiak. Haren lanen artean dago, besteak beste, 2020tik Tabakalerako patioan dagoen pieza, 'Kuboa'.

Julio Le Parc eskultorea, Kolonbian, artxiboko irudi batean. AITOR PEREIRA
Julio Le Parc eskultorea, Kolonbian, artxiboko irudi batean. AITOR PEREIRA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko ekainaren 1a
13:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askori ezaguna egingo zaie Donostiako Tabakalerako patioan dagoen pieza erraldoia: Kuboa. 2660 ispilu ditu obrak, eta haizeak mugitzen dituenean argia islatzen da horietan guztietan; hamar metro luze ditu, eta tona bat pisatzen du. 2020an kokatu zuten bertan, eta Julio Le Parc eskultore argentinarra da egilea: larunbatean zendu zen, 97 urterekin, Parisen. 

Arte garaikidean indar handia izan zuen artistak, eta horren arrazoia da Parisen egindako egonaldia. 1958an mugitu zen Argentinatik Frantziara, Frantziako Gobernuak beka bat eman ziola eta. Handik bi urtera sortu zuen bere lehen proiektua: Arte Bisualaren Ikerketa Taldea. Beste hainbat artistarekin batera sortu zuen, besteak beste Horacio Garcia Rossi eta Jean-Pierre Vasarelyrekin. Arte zinetikoan izan zuen garrantziaren adierazle da, esaterako, 1966an Veneziako 33. Biurtekoan jaso zuen saria: Pinturako Nazioarteko Sari Nagusia.

Obra amaigabea

Lan mordoa egin zituen 97 urtean, eta sona handia hartu dute askok. Lehen lanen artean dago Mobil transparent theme (Gai garden mugikorra), 1960an ondu zuena. Elkarri lotuta dauden plastikozko piezak dira, plexiglas izeneko materialaz eginak, eta, sabaitik zintzilik, ur jauzi baten forma hartzen dute. Handik bi urtera osatu zuen Light in Movement (Argia mugimenduan): margotutako igeltsu bat da artelanaren oinarria, eta ispiluek, nylonezko hariek eta bi fokuk osatzen dute. Gerora, artelanak hainbat museotan egon dira ikusgai, eta Le Parcek egokitu zituen areto bakoitzerako.

Beste zenbait elementu ere esploratu zituen artistak bere lanetan, tartean uraren esanahia. Horren adierazle da Alchemy (Alkimia) artelan multzoa; zehazki Alchemy 175, zeina 1991n egin zuen. Mugimendua ere ikertu zuen Le Parcek, eta horretarako iturriak margotu zituen, euritako baten formarekin, eta argia erabili zuen ikuslearen pertzepzioa aldatzeko.

Horrez gain, Modulation (Modulazioa) sailerako, 2004an artelan mordoa margotu zituen, baina, bat azpimarratzekotan, askoren ustez 1160 da multzoko obrarik esanguratsuena. Piezaren erdialdean, goitik behera, argi izpi bat dago, eta ezkerretik eskuinera, berriz, abaniko ireki bat dirudien elementua. Akrilikoz eginda dago, eta badirudi argi izpiak abanikoa martxan jartzen duela, mugimenduan dagoelako irudia sortuz. Le Parcek berak Modulation multzoa «esperimentu» gisa definitu zuen.

Hainbat eta hainbat erakusketa ere egin ditu, bakarka zein taldean, eta horietako batzuk gaur egun munduko zenbait museotan topatu daitezke; besteak beste, New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan, Parisko Pompidoun eta Londresko Tate Modernen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA