Justine Trieten 'Anatomie d'une chute' filmak irabazi du Cannesko sari nagusia

Tran Anh Hungek lortu du zuzendaririk onenaren aitortza. Epaimahaiak Jonathan Glazerten 'The Zone of Interest'-i eman dio bere sari nagusia

Jane Fondak eman zion saria Justine Trieti, atzo, Cannesen. SEBASTIEN NOGIER /EFE.
Ainhoa Sarasola.
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Faboritoen artean ageri zen haren izena, baina baita Aki Kaurismaki eta Jonathan Glazer zuzendariena ere. Azkenean, Justine Triet zinemagile frantsesak irabazi du Cannesko zinema jaialdiaren sari nagusia, Anatomie d'une chute filmarekin. Jane Fonda aktorearen eskutik jaso zuen Urrezko Palma zuzendariak, atzo iluntzean sariak banatzeko egin zuten ekitaldian. Filmeko lantaldeari agertokira igotzeko eskatu, eta, txalo zaparrada luze baten ondotik, denei eskerrak eman zizkien. Frantziako Gobernuaren erretreten erreforma gogor kritikatzeko ere baliatu zuen bere hitzartzea. Urrezko Palma irabazi duen hirugarren emakumezko zinemagilea da.

Ruben Ostlund zuzendari suediarra izan du buru jaialdiaren 76. aldiko epaimahai ofizialak. Emakume bat du protagonista Trieten lanak —Sandra Hullerrek antzeztu du—; haren senarra hil egin da, eta, hasieran heriotza istriputzat jo bada ere, emaztearekiko susmoak areagotuz joango dira.

Hunkituta agertu zen zinemagilea, baina segituan azaldu zuen ez zela poza agertzera mugatuko. Erretreten erreformaren aurkako «protesta historikoa, izugarri indartsua eta bateratua» izan dela gogora ekarri, eta gogor erreprimitu dutela salatu zuen. «Boterearen jokabide hori gero eta nabarmenagoa da», haren ustez, eta gizartearen arlo guztietan eragiten du, baita zineman ere. «Gobernu neoliberalak kulturaren merkantilizazioa» defendatzen duela salatu, eta zinemagile gazteei nahiz beren lanak aurrera atera ezin dituztenei eskaini zien bere saria.

Irabazle gehiago ere utzi zituen gaualdiak. Zuzendaririk onenaren saria Tran Anh Hung zinemagile frantses-vietnamdarrarentzat izan zen, La Passion de Doudin Bouffant filmagatik, eta faboritoen zerrendan zeuden beste izen batzuk ere ez ziren esku hutsik joan: Jonathan Glazer ingelesak eraman zuen gaueko beste sari nagusietako bat, Epaimahaiaren Sari Nagusia, alegia, The Zone of Interest lanagatik; eta Aki Kaurismaki finlandiarrak, berriz, Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Les Feuilles mortes filmari esker.

Interpretazio sariei dagokienez, Koji Yakusho antzezle japoniarrak jaso zuen gizonezko aktorerik onenaren saria, Wim Wendersen Perfect Day filmean egindako lanagatik. Eta emakumezko aktorerik onenaren saria, berriz, Merve Dizdar turkiarrak irabazi zuen, Nuri Bilge Ceylanen Kuru Otlar Ustune (About Dry Grasses) filmeko interpretazioagatik.

Gidoirik onenaren saria Yuji Sakamotok jaso zuen, Hirokazu Kore-Edaren Kaibutsu (Monster) filmaren gidoia idazteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.