'EUFORIA'
Konpainia: Cielo Raso. Zuzendaritza eta eszenografia: Igor Calonge. Zuzendari laguntzailea: Gabriel F. Koreografo laguntzailea: Matias Sangougnet. Argiak: Sergio Garcia. Jantziak: Xabier Mujika. Dantzariak: Toni Aguilera, David Candela, Maialen Mariezkurrena, Ainhoa Usandizaga, Jon Vernier. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Data: Abenduak 13.Â
Donostiako Gazteszena aretoa goraino beteta zegoela estreinatu da Cielo Raso konpainiaren azken sorkuntza. Txartel formatuko aurkezpenean diotenez, oraingo honetan Igor Calonge koreografoak «askatasuna, edertasuna, denbora eta maitasuna» hautatu ditu mintzagai, baina nik behintzat nahiago izan dut nire burua kontzeptu horietan ez nahastu eta dantzarekin gozatu.
Eremu eszenikoa goi-goitik eta ia beheraino betetzen zuen esfera zuri handi batek presiditu du guztia, eta dantzariak ilargi haren aurretik, atzetik eta azpitik mugitu dira. Piezan agertu diren bi emakumeek eta hiru gizonek kaleko arropa naturalak jantzi dituzte eta denak zebiltzan prakekin eta oinutsik.
Hasierako pasarteetan dantzari batzuek besteren bati eusten zioten airean, azken horrek kafe kikara bat bere plater eta koilaratxoarekin esku artean zeramala. Atzean entzuten ziren Danubio urdina bals ezagunaren lehen konpasak, eta hasiera oniriko horren ostean dantzariak beren eboluzio indibidualetan murgildu dira, batzuetan abiadura geldoan eta beste batzuetan mugimendu biziagoekin, behegainari erabilera polita emanez askotan eta mugimendurako gaitasunean kemen agorrezina erakutsiz.
Bitartean, protagonismo handia hartu duen soinu-banda hots inguratzaile bihurtu da, giroa zeharo betez eta zanpatzailea izan arte zenbait minututan. Kolpe metalikoen zarata industrialekin elkartu da beste batzuetan, atzean, oso atzean, Johann Straussen bals famatuak urrunean jarraitzen zuelarik.
Zalantzarik gabe, piezako atalik inspiratuena etorri da dantzari bat besteen multzoaren erdira bere burua jaurti eta taldeak jasotzen zuenean. Esaldi koreografiko hori txandaka gauzatu eta behin eta berriro errepikatzen joan da, dantzariek ilargiaren inguruko bira osoa deskribatu duten arte. Gero beste pasarte artegagarri bat interpretatu dute bi gizonezkok lau hankatako posizio inbertituan, hau da, sabela gorantz eta sorbalda lurrerantz jarrita. Enborra airean eta prakak jantzita zebiltzan, kafe kikara bana zeramaten sexuaren lekuan eta, argi gorrian bilduta, bi artropodo handiren hurbilketa eta elkarren ezagutza beldurgarria irudikatu dute.Â
Haietariko bat bakarrik geratu denean eszena dibertigarri bat gertatu da bere kafe kikararekin, eta beste une asko ere umoretsuak izan dira Calongeren ideia jario agorrezinean. Ametsetan bezala, dena egin zaigu irreal eta irudimenezkoa, eta izan diren bi soinu-etenaldietan sakona eta erabatekoa izan da ikusle guztien isiltasuna. Amaierako txalo zaparradan, ordea, eztanda egin du entusiasmoak, eta dantzariek lau aldiz irten behar izan dute agurtzera, poz beteko irribarreekin haien aurpegietan.