1996an eratu zuten Deabru Beltzak taldea, Bilbon, gazteentzako kultur ikuskizunak egiteko asmoarekin. Oscar Castaño Garbitxu (Bilbo, 1970) izan zen sortzaileetako bat, eta ordutik ez du konpainia utzi. Zuzendari artistikoa da egun, eta, harekin batera, Erlantz Eizmendi, Ruben Sastre, Rafael Ariza, Iker Barrientos eta Zesar Arroyo kideek osatzen dute taldea. Zuzendariak dioenez, kaleko antzerkiaren «nazioarteko erreferente» bihurtu dira urteekin. Aurten, 30. urteurrena ospatzear direla, Su talka emanaldia sortu dute, piroteknia, efektu bereziak eta perkusioa nahastuta. Bretainiako Kertsaint-Plabennec hirian estreinatu zuten, ekainaren 7an, eta «liluraturik» geratu ziren izan zuen harrerarekin. Libournen (Frantzia) aurkeztuko dute orain: gaur, bihar eta etzi.
Zelakoa izan da Deabru Beltzak konpainiaren bilakaera 1996an sortu zenetik gaur egunera?
Suziri bat bezalakoa. Ametsak izan ditugu beti, eta amets horiek egia bihurtu zaizkigu. Hasi ginenean, Bilbon eta Bilbo inguruan antzeztu nahi genuen, eta lortu egin genuen. Denborarekin, gure obrak Bilbotik kanpo erakusteari ekin genion, eta Tarregako [Herrialde Katalanak] kale antzerkiaren azokara ere gonbidatu gintuzten. Pixkanaka, atzerrira salto egin, eta nazioarteko hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izan genuen. Urtez urte, gure helburu guztiak bete ahal izan ditugu. Orain, gainera, kale antzerkiko nazioarteko erreferentea da Deabru Beltzak. Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan zer esanik ez.
Nola sortu zen taldea?
Hainbat antzerki konpainiatako kide gazteek sortu genuen Deabru Beltzak. Bazkari bat antolatu genuen, eta hainbat lagun elkartu ginen. Uste genuen garai hartan jende gaztearentzat zegoen eskaintza kulturala eskasa zela, eta hori aldatzeko zerbait egin nahi genuen. Egin genuen lehenengo ikuskizuna, baina, ez zen kaleko antzezlan bat izan, Kontzertu Beltza izeneko emanaldi bat baizik.

Su talka emanaldia aurkeztu duzue aurten. Zer kontatzen du?
Oro har, piroteknia, efektu bereziak eta perkusioa dira Deabru Beltzak-en ikuskizunetako bereizgarri nagusiak. Hiru elementu horiek irabiagailu batean sartu ditugu beste behin ere, eta Su talka sortu dugu oraingoan. Emanaldiak sortzeko, Euskal Herriko mitologia eta istorioak hartzen ditugu oinarri, eta aurten, zehazki, momotxorroak eta horiekin lotutako inauterietako tradizioak izan ditugu inspirazio iturri. Hortik jaio da Su talka, baina antzezlanak, berez, ez du mezu zehatzik helarazteko helbururik. Kale animazioa egiten dugu guk, antzerki zantzu batzuekin.
«30. urteurrenerako, zerbait berezia prestatu nahi dugu, Bizkaian aurkezteko, baina ez dugu ezer aurreratu nahi. Sorpresa izatea nahi dugu»
Aurretik egindako lanekin konparatuz, berezitasunen bat ba al du Su talka-k?
Bai, baditu. Efektu berezi asko daude, eta argi jokoak ere egiten ditugu. Oraingoan, gainera, jantzien azpitik eramango ditugu oso txikiak diren ke makina batzuk, eta horrek izugarrizko indarra emango dio ikuskizunari. Zerbait berria egiten saiatzen gara beti, baina bereziki indartsua den emanaldi bat sortu dugu aurten.
Kertsaint-Plabennec hiriko Printemps des Abers jaialdian estreinatu zenuten obra, ekainean. Nolako harrera izan zuen?
Le Fourneau kaleko Arteen Zentro Nazionala da jaialdi horren babesleetako bat. Festibalean parte hartzeko aurkeztu ziren hamalau kale-antzerki konpainietatik, hiru besterik ez zituzten aukeratu. Deabru Beltzak izan zen horietako bat. Taldeko kide guztiekin hitz egin ostean, Su talka bertan estreinatzeko erabakia hartu genuen. Beranduago estreinatu nahi genuen, Euskal Herriko jaialdiren batean, baina zerbait desberdina egiteko aukera eman zigutenez, hara joan ginen. Publikoari asko gustatu zitzaion. Gainera, Deabru Beltzak pisu handiko konpainia da Frantzian, jarraitzaile asko dituena. Oso sentsazio onekin eta liluraturik bueltatu gara handik.
Etxepare Euskal Institutuaren Ça colle au Basque programaren parte da Su talka, eta euskal kulturaren proiekzioa frankofoniaren eremuan indartzea du helburu.
Programa horren parte da, bai. Hain zuzen ere, Deabru Beltzak da Frantzian emanaldi gehien egingo duen Euskal Herriko kale-antzerki konpainia. Urte osoan, zehazki, 22 ekitaldi egingo ditugu han. Oso ondo konpondu gara beti Etxepare Euskal Institutuarekin, eta Ça colle au Basque programari bizitasuna eta ikusgaitasuna eman nahi izan diogu. Dena den, gure ikuskizunak ulertzea nahiko erraza da; euskara ama hizkuntza dugun arren, gure emanaldietan ez dago elkarrizketarik.
30 urte beteko dituzue laster. Horren ostean, kaleko antzerkia egiten jarraituko duzue?
Hala espero dugu, bai. Emanaldiekin jarraitzeko indar handia dugu oraindik, eta gazteak garela uste dugu. 30. urteurrenerako zehazki, zerbait berezia prestatu nahi dugu, Bizkaian aurkezteko, baina ez dugu ezer aurreratu nahi. Sorpresa izatea nahi dugu. Gainera, hurrengo bi urteetan bira bat egingo dugula badakigu. Horren ostean, batek daki.