Kalealdia jaialdiak dantzaz, antzerkiz eta emanaldiz beteko ditu Bilboko kaleak datozen egunetan. Gaurtik uztailaren 4ra 54 emanaldi egingo dituzte hiriko hainbat tokitan, hala nola Arriaga plazan, Areatzan, Elkarbizitzaren Plazan eta Bizkaia Aretoan. Euskal Herriko eta munduko 30 konpainiak euren proposamen artistikoak aurkeztuko dituzte.
Casilda Iturrizar parkea kolorez jantzi dute egoitza nagusi bihurtzeko. Gaur goizean, Hortzmuga Teatroa konpainiakoek dekorazioa aurkeztu diete Juan Mari Aburto Bilboko alkateari eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziari, eta parkean ezkutatutako izakitxoak bilatzera animatu dituzte. Izan ere, instalazioaren bidez, «haratago begiratzera» gonbidatu nahi dute bisitaria, eta beste esanahi edo begirada batzuk proposatu. Horregatik, parkea begiz eta izaki ezkutuz bete dute, eta inguruko txokoak eraldatzeko «esku hartze artistiko jasangarria» lehenetsi dute.
Jaialdian parte hartuko duten zenbait konpainiak beraien proiektuak aurkeztu dituzte bisitan, eta Madrilgo La Venidera konpainiak NO (pieza corta) lanaren laburpen bat aurreratu du. «Saiatzen gara kultura nobedade guztiak ekartzen», azaldu du Aburtok; horregatik, jaialdian mota guztietako ikuskizunak izango dira. Jendeak aukera izango du Berceurs du Temps konpainiaren kulunkaulkietan sehaska kantak entzuteko, edo Asturias eta Kantabriako (Espainia) animalietan inspiratuta Factoria Norte y El Encuentro Teatro konpainiak sortutako funtzioa ikusteko.
Instalazio berritzaileak
Parkearen barnean murgiltzean badaude atentzioa ematen duten eszenatokiak, adibidez Ea Eo konpainiaren akuarioa. Bertan, malabarista batek zazpi apnea egiten ditu objektu arraro eta iragankorrak sortzeko, ur azpian manipulatuz. Horretaz aparte, parkearen erdiko aintziran Furinkai & Lentrouvert konpainiaren egurrezko egitura bat jarri dute, artista batek soketatik tiratzen duen izotzezko txotxongilo bati bizia emateko. «Ikuskizuna aurrera doan heinean, txotxongiloa urtuz doa, forma aldatuz», azaldu du Pedro Ormazabal jaialdiko zuzendariak.
Horrela, aurtengo Kalealdian diziplina artistiko ugari bilduko dira: antzerkia, zirkua, dantza... eta bilbotarrei kaleko artea gertutik ezagutzeko aukera emango die. Sei egunez, Bilboko hainbat txoko agertoki bihurtuko dira, eta publikoak hiria beste ikuspegi batetik ikusteko aukera izango du. Ikuskizun guztiak doakoak eta sarrera librekoak izango dira, Insectotropics eta Los Galindos konpainien emanaldiak izan ezik; saio horietarako, aurrez gonbidapena hartu beharko da.