Kalean egingo dute lehenengoz Ostera kultur zikloa

Hilaren 18tik abenduaren 3ra bitarte izango da aurten, Gorlizen, Urdulizen eta Etxebarrin. Olaia Inziarte, Afrika Bibang, Xsakara eta Kai Nakai ariko dira, besteak beste.

Olaia Inziarte musikaria, Donostiako Aste Nagusian. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko azaroaren 7a
14:29
Entzun

Euskarazko kultur produkzioa Bizkaiko herrietara hedatzea izan du xede hasiera-hasieratik Udagoieneko Ostera zikloak. 24 urteren ondoren, baina, berrikuntzaz beteta dator aurtengo aldia. Izena da aldaketa horietan nabarmenena: Udagoieneko Ostera izateari utzi, eta Ostera izango da aurrerantzean. Baina badaude berritasun gehiago ere: aurten, lehenengoz, kalera aterako da jaialdia. Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari orokorrak aurreratu duenez, «garai berrietara egokitzeko saiakera bat» izan da erabakia: «Pandemiaren eraginez, jendearen ohiturak aldatuz joan dira, eta areto itxietatik plazetara jauzi egitea erabaki dugu». Hortik dator aurtengo leloa ere: Plazara!.

Gorlizen, Urdulizen eta Etxebarrin egingo dituzte saioak, hilaren 18an hasi eta abenduaren 3ra bitarte, asteburuetan. Doan izango dira emanaldi guztiak, eta «karpa erraldoi bat» jarriko dute herri horietako bakoitzean. Euskaltzaleen Topaguneak antolatu du zirkuitua, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Bi saio asteburuero

Asteburu bakoitzeko bi emanaldi egingo dituzte; sei, guztira. Musika eta performancea izango dira nagusi larunbateko saioetan, 19:00etatik aurrera. Igandean, berriz, «ikuslego zabalago batentzako» eskaintza prestatu dute. «Aperitiboaren osteratxo horretan izango dira igandeko saioak, 12:00etan», zehaztu du Mendizabalek.

Gorlizen izango da lehenengo geldialdia, azaroaren 18an eta 19an. Olaia Inziarte eta Afrika Bibang arituko dira, hurrenez hurren. Hurrengo asteburuan, Urdulizera lekualdatuko da karpa, eta Xskara eta Sonakay taldeak igoko dira oholtza gainera. Amaitzeko, abenduaren 2an eta 3an, Etxebarrin izango dira. Kai Nakai izango da larunbateko kartelburua, eta igandean, berriz, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua taularatuko dute.

Emanaldi horiez gainera, «eskaintza osagarri bat» ere prestatu dute hiru herrietarako: «Eskaintza hori berdina izango da herri guztietan». Larunbatetan, Ines Azpiazu DJa, Pole Dance ikuskizuna eta irudi proiekzio bat eskainiko dituzte, kontzertu nagusien aurretik. Igandeetan, berriz, ZoZongo taldeak Kolpez blai kale animazioa eskainiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.