Pixkanaka-pixkanaka, urtetik urtera, hainbat aldaketa izaten ari dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskarazko literatura argitalpenetarako ematen dituen diru laguntzak. 2008ra arte, euskarazko literaturako liburu bakoitzaren 300na ale Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako liburutegi publikoetarako —erdi prezioan— erosiz eman ohi zuen laguntza Jaurlaritzak, baina azken urteetan zuzenean ematen die diru laguntza argitaletxeei, trukean liburuaren alerik eskatu gabe, bakoitzari literatura argitalpenetan eginiko gastuaren arabera. Egindako aldaketez «balorazio positiboa» egiten du Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, baina aldaketa gehiago ere iragarri ditu. Orain arte ez bezala, aurtengo datarekin argitaratutako liburuei dagozkien diru laguntzetan «kalitatea kontuan hartuko duten balorazio irizpideak» ezarriko ditu Kultura Sailak, Euskal Editoreen Elkartearen eta Euskadiko Editoreen Elkartearen adostasunarekin.
Lehen, argitaletxe bakoitzak titulu bakoitzaren argitalpenaren gastuen berri ematen zuen, eta laguntzaren banaketarako, kopuru hori hartzen zen aintzat. Azken deialdietan, ordea, batzorde batek ebaluatzen du, «kanpotik», argitalpen egitasmo bakoitzak izan dezakeen kostu erreala. «Horrela, diru laguntzak argitaratzaileek izango dituzten gastu errealetara egokitzen dira», Riverak dioenez. «Horixe izan zen iritsi orduko egin genuen lehen aldaketa, eta arazorik gabe egin dugu lan horrela azken bi deialdietan».
Aurtengo literatura argitalpenetarako diru laguntzei «ebaluazio kualitatiboa» ezartzeko asmoa du Jaurlaritzak. «Hori konplikatuagoa izango da», Riveraren iritziz. «Beste edozein arlotako diru laguntzen kasuetan, adituen ebaluazio bat egiten da, Kultura Sailetik kanpokoa, eta literatura argitalpenen proiektu editorialak laguntzerakoan erehorrela jokatzeko asmoa dugu. Ebaluazio kualitatiboak konplikatuak dira, baina aldaketak editoreekin adostasunean egiten ari gara, eta espero dugu arazorik ez izatea, era honetako analisien subjektibotasunak beti eragiten dituenez aparte». Ebaluazio hori egingo duen batzordearen osaketaz ez du ezer aurreratuko Kultura Sailak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu artean.
Planteamenduan, ados
Editoreen aldetik, azken aldaketen inguruan «adostasuna» dago, Jorge Gimenez Bech Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak dioenez. «Ikuspegi sanoa izan daitekeela uste dugu, eta gauzak hobeto egiteko bide bat eskaintzen digula. Findu beharko dira mekanismoak, baina planteamendu teorikoan ados gaude».
«Orain arte egindako bidearekin koherentea» izango da ebaluazio kualitatiboan oinarritutako aldaketa, Gimenez Bechen iritziz. «Nolabaiteko erosketa kamuflatu batetik ekoizpenerako laguntza industrial normaldu batera pasatu gara. Orain beste jira-buelta bat ematea da asmoa». Funtsean, kalitatearen neurketak diru laguntzaren bilaketa hutsak motibatutako proiektuak utzi nahi ditu babesik gabe, benetan merezi dutenei laguntza zabalagoa bideratze aldera.
«Ebaluazio kualitatiboa egitean, ez da inola ere argitalpen egitasmoen literatur kalitatea epaituko», ohartarazi du Gimenez Bechek. «Kalitatea aipatzen denean, argitalpen proiektuaren kalitatea esan nahi da. Proiektuaren egokitasunari begiratuko zaio, proiektuak merkatuan egin dezakeen ekarpenari, edizioaren arloan egindako lanari…».
Urtetik urtera, diru gutxiago
Azken bi urteetan, gaztelaniazko literatura argitalpenerako deialdiak ere egin ditu Kultura Sailak: 150.000 euro banatu zituen 2010ean, eta 133.700 iaz. «Lehen, gaztelaniazko literatura gisa horretako laguntzetatik at zegoen», ekarri du gogora Riverak. «Zergatik? Seguru asko jarrera ideologiko baten ondorioz. Orduan, gaztelaniazko literatura argitalpenei atzeko atetik ematen zitzaien laguntza, hautazko erosketen bidez, urte amaieran geratutako diruarekin egindako erosketekin… Gu uste dugu gaztelaniazko editoreei ere lagundu behar zaiela, eta euskarazko editoreak ere ados agertu zitzaizkigun. Azken batean, haietako askok ere argitaratzen dute gaztelaniaz. Esan ziguten euskarazko liburuei emandako laguntza murrizten ez bagenuen ondo ikusten zutela gaztelaniazkoei ere laguntzea. Eta guk gaztelaniazko liburuetara bideratutako dirua gehitu egin diogu diru laguntzen aurrekontuari, lehendik euskarazko literatura argitalpenei bideratutakoari ezer kendu gabe».
Gaztelaniazko literatura argitalpenetarako diru laguntzen aurrekontua euskarazkoetara bideratutakoa baino txikiagoa da, eta aurrerantzean ere hala izango da. «Guk badakigu euskarazko liburuen argitalpena lagundu behar duela bereziki Jaurlaritzak, gu garelako betebehar hori duen administrazio bakarra», azaldu du Riverak.
Baina urtetik urtera euskarazko literatura argitalpenak laguntzeko erabilitako diru kopurua urritzen ari da: 2003an jo zuen goia, 669.281 eurorekin, eta ondorengo urteetan behera egin du etenik gabe, harik eta 2011n aspaldiko kopururik apalenera iritsi arte: 428.000 euro.
Liburutegien hornikuntzaz
Lehengo laguntza sistemak, erosketan oinarritua zegoenez, euskarazko literatura argitalpenak sare publikoko liburutegietara iristea bermatzen zuen. Aldaketa iragarri zenean, horrek liburutegi publikoetan hutsune bat sor zezakeela ohartarazi zuten hainbat editore eta liburutegi arduradunek, batez ere herri txikietako liburutegi publikoetan. «Liburutegiek emandako datuek diotenez, aldaketak ez du inolako hutsunerik sortu», dio Riverak. «Gainera, ez da ahaztu behar Kultura Ondarearen Zuzendaritzak emandako laguntza dagoela funts horien erosketarako». Riveraren ustez, ez dagokio Administrazioari liburutegi publikoetan zer liburuk egon behar duten erabakitzea. «Liburutegi publikoek profesionalak dituzte hori erabakitzeko».
Editoreen artean bada, ordea, gaiaren inguruko kezkarik. «Gu ordezkatuta gauden Kulturen Aldeko Herritar Kontratuaren lantalde batean hasita gaude hori lantzen», azaldu du Gimenez Bechek, «baina oraingoz oso mantso doa dena, are mantsoago azkenaldian, krisi ekonomikoarengatik». Sektorearentzat «helburua» zein den esan dezakeela dio, hala ere: «Ez uztea liburutegi publikoen sistemako euskarazko liburuen hornikuntza parametro lausoegietan, eta euskarazko liburuaren alde egitea».
Kalitatea neurtzeko tenorea
Literatura argitalpenak laguntzeko deialdietan, «ebaluazio kualitatiboa» ere egitea adostu dute Jaurlaritzak eta editoreekAzken bi deialdietan, gaztelaniazko liburuentzako laguntzak ere banatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu